Bernardo Atxagari eskainitako programa zabal bat izango da Madrilen martxoaren 20tik apirilaren 7ra

Actualizado: martes, 12 marzo 2013 14:24

BILBO, 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

Centro Dramático Nacional (CDN), Casa del Lector eta Matadero Madrid zentroan dagoen Cineteca kulturguneek Bernardo Atxagari eta bere lanari eskainitako kultur programa zabala antolatu dute Madrilen martxoaren 20tik apirilaren 7ra bitartean, Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean, eta "Obabakoak" eleberriaren 25. urteurrenean.

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, ekintzarik garrantzizkoena Antzerkiz elakrteak (Bilboko Arriaga, Gasteizko Principal eta Donostiako Victoria Eugenia) eta Tanttaka Teatroa konpainiak ekoiztutako "El hijo del acordeonista" Atxagaren "Soinujolearen Semea" (2004) eleberrian oinarrituta Patxo Telleriak idatzitako eta Fernando Bernuesek zuzendutako antzezlana izango da.

"Soinujolearen semea / El hijo del acordeonista" lanak Joseba eta David adiskideen istorioa kontatzen du, eskolan elkarrekin bizitako haurtzaroan hasi eta gerraren eta biolentziaren infernura igaro arte. Memoria, herrimina, adiskidetasuna eta maitasunaz hitz egiten du askorentzat Atxagaren lanik pertsonalena denak.

Antzezlana Centro Dramático Nacional-eko Valle-Inclán Antzokian izango da ikusgai, martxoaren 22tik apirilaren 7ra bitartean. Gainera, eta CDNren historian lehen aldiz, martxoaren 30eko eta 31eko saioak euskaraz izango dira -"Soinujolearen semea", gaztelaniazko azpitituluekin-, Etxepare Euskal Institutuaren partaidetzari esker.

CDN eta Etxepare Institutuaren arteko elkarlanaren beste emaitzetako bat martxoaren 25ean "Los lunes con voz" programaren baitan Valle-Inclán Antzokian burutuko den ekintza izango da. Egun horretan, Bernardo Atxagak "Reacciones ante una piedra rayada" (Arraiatutako harri baten aurreko erreakzioak) mundu poetiko-imajinatiboen garrantziari buruz hausnartzen duen hitzaldia emango du. Segidan, Ruper Ordorikak eta Arkaitz Minerrek batik bat Atxagak idatzitako hitzetan oinarritzen diren abestiez osatutako kontzertua eskainiko dute.

"EL UNIVERSO DE ATXAGA"

Gainera, Etxepare Euskal Institutuak "El universo de Atxaga" (Atxagaren unibertsoa) egilearen lanari buruzko ibilibidea jasotzen duen ikus-entzunezkoa ekoiztu du, Mari Jose Olaziregik eta Estibalitz Ezkerrak idatzitako gidoiarekin eta Carlos Rodriguezen zuzendaritzapean.

Ikus-entzunezkoa martxoaren 20an izango da ikusgai, 19:30ean, Casa de Lector gunean (Matadero Madrid); Patxo Telleria antzezle, idazle eta zuzendariak gidatuko du zuzenean saioa eta Bernardo Atxagak berak ere parte hartuko du.

Martxoaren 20an bertan, 21:00etan, "Atxaga en las artes" (Atxaga arteetan) erakusketa ere zabalduko da Matadero Madrid-eko Cineteca gunean. Etxepare Euskal Institutuak sortu du erakusketa eta Itziar Zubizarreta idazlea da komisarioa. Atxagak beste sortzaileekin duen harremana -musikariak, ilustratzaileak, idazleak eta abar- eta bere sormen mundua besteen begiradaren bitartez hitzaldi, film edota antzezlanetan islatzen den era azaltzea da erakusketaren helburu nagusia. Apirilaren 7ra bitartean izango da zabalik.

Gainera, Cineteca guneak "Atxaga en el cine" (Atxaga zineman) zikloa ere hartuko du, martxoaren 23an eta 24an. Bertan, lau film emango dira: Bernardo Atxagari eta bere lanari buruzko "Leku hutsak. Hutz beteak" dokumentala, Joxeanjel Arbelaitzek egindakoa; eta idazlearen hiru eleberri zinera eraman duten hiru pelikula: "Obaba",

Montxo Armendarizena; "Zeru horiek", Aizpea Goenagarena; eta "Bi anai", Imanol Rayok zuzendua.