Bertso Eguna ospatuko da larunbatean Donostian, eta generoa izango da gai nagusia

Bertso Eguna 2014 aurkeztu dute
Foto: DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: jueves, 23 enero 2014 13:10

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

   Bertso Eguna 2014 Donostian ospatuko da datorren larunbatean, urtarrilaren 25ean, eta asteazken honetan aurkeztu dute egitaraua. "Azalera" lelopean, generoa izango da aurtengo Bertso Egunaren sakoneko gaia, eta 55 bertsolarik eta beste bederatzi kultur sortzailek zein taldek hartuko dute parte goizetik gauera egingo dituzten hiru ekitaldi nagusietan.

   Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara ordezkaria, Laura Gomez Gipuzkoako Aldundiko Berdintasuneko zuzendaria eta Nerea Elustondo eta Ixiar Eizagirre Bertsozale Elkarteko Genero taldeko kideak izan dira aurkezpenean Bertso Eguna 2014ko xehetasunen berri eman dituztenak.

   Elustondok nabarmendu duenez, "Bertso Egunak generoa gai nagusitzat hartzea azken urteotan bertsolaritzako emakumeon artean egin den bidearen seinale izan daiteke, orain dela hainbat urte pentsaezina baitzen gai horren inguruan Bertso Eguna egitea".

   Larunbateko Bertso Eguna "ederra" izango dela gaineratu du, baina prestaketa lanak ere hala izan direla jakinarazi. "Bileratan 37 emakume elkartu gara eta bidea izan da seguru asko ederrena. Hainbat belaunalditako emakumeok elkartzeko aitzakia izan da, ikuspegiak trukatzeko gunea, elkarri entzuteko aukera, zer bilatzen dugun nork geure buruari galdetzekoa", adierazi du.

   Horrela, azken urteetan bezala, Bertso Egunak formatu ezberdinetako saioak eskainiko ditu egun osoan zehar Donostian. Eguerdiko 12:00etan bertso-poteoa izango da Alde Zaharreko kaleetan barna. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da jaialdi nagusia, Kursaalen, eta 12 bertsolarik kantatuko dute: Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo, Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Rosi Lazkano, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi, Ainhoa Agirreazaldegi, Saioa Alkaiza eta Iñaki Gurrutxaga. Iraia Eliasek aurkeztuko du jaialdia, eta berau izan da arratsaldeko emanaldiaren zuzendari artistikoa.

   Saioan zehar beste hainbat artistek ere hartuko dute parte, hala nola Miren Gaztañaga eta Ainhoa Alberdi aktoreek, Judith Monterok saxoaz, Allarte oihal eta dantza taldeak eta Maddi Oihenart abeslariak. "Jaialdiak umorea izango du oinarri, eta aniztasuna bistaratzearekin batera, inklusiboa izatea nahi dugu. Erantzunak baino, galderak sortu ditzala publikoarengan eta bertsolariengan; generoari buruzko gogoeta egiteko gaiak utz ditzala gugan", azaldu du Elustondok.

   Gaueko 21:00etatik aurrera, egunari amaiera emateko 700 lagunentzako afaria eta afalosteko "saio ganberroa" izango dira. 22 lagunek hartuko dute parte afalosteko saioan eta amaitzeko Laket taldearekin erromeria izango da. Aurten lehen aldiz afaria Manteo kiroldegian egingo da.

   Sarrerei dagokionez, Kursaalen 1.800 ikuslerentzat izango da lekua, eta azken 350 sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean. Afarirako ere, 700 lagunentzat egokituko da Manteo kiroldegia, eta horietatik 200 sarrera eskuragarri daude aipatutako atarian. Sarrerak lehendik agortzen ez badira, larunbatean bertan leihatilan jarriko dira salgai 16:00etatik aurrera. Kursaal aretoan sartzeko ateak 17:00etan irekiko dira, saioa baino ordubete lehenago.