Bertsozale Elkarteak Bertso Udalekuetan izena emateko epea ireki du

Bertso Udalekuak
Foto: BERTSOZALE ELKARTEA
Actualizado: lunes, 9 marzo 2015 16:33

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Bertsozale Elkarteak uztailean eta abuztuan egingo ditu aurtengo Bertso Udalekuak, Muxikan (Bizkai), Maulen (Zuberoa), Orion (Gipuzkoa), Irañetan (Nafarroa) eta Zuhatzan (Araba), eta bertso eskoletako kideek zein Bertsozale Elkarteko bazkide diren gurasoen seme-alabek martxoaren 9tik 24ra izango dute izena emateko aukera. Gainerakoek martxoaren 27tik apirilaren 13ra egin ahalko dute.

   Horrela, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, izen ematea astelehen honetan, martxoaren 9an, aktibatu da, goizeko 10:00etan, eta www.bertsozale.eus webgunearen bitartez edo 943 69 41 29 telefono zenbakira deituz eman daiteke izena.

   Bertso Udalekuak 17. ediziora helduko dira aurten. Urtero eskariak gora egin du eta transmisioa bermatzea lortu da, garai batean haur gisa udalekuetan parte hartu zutenetako asko eta asko gaur udalekuotako begirale, sukaldari edo zuzendari baitira.

   Bertso Udalekuetan bertso eskoletako kideek eta bertsozaleak diren haurrek har dezakete parte, bai eta bertso mundura lehenengo aldiz hurbildu nahi duten guztiek ere. Halere, adin muga dago, 9 eta 18 urte bitarteko haur eta gaztetxoei bideratuta baitago ekimena.

   Hainbat helburu dituzte Bertso Udalekuek. Batetik, Euskal Herri osoko haur eta gaztetxo elkartzeko balio duen gunea da, eta, "hori, berez, norberaren esperientzia aberasteko baliagarria da, bai ta euskalki diferenteak ezagutzeko ere".

   "Bertsoa da udalekuen muina, eta bertso mundu txiki bat sortzen da txanda bakoitzean. Bertsolariekin harreman zuzena izaten dute udalekuetan parte hartzen dutenek eta haiekin bertso saioak eta bestelako ekintzak egiten dituzte: elkarrizketak, jolasak eta abar", azaldu du Bertsozale Elkarteak.

   Halaber, Bertso Udalekuek tokian tokiko herria eta herrialdea ezagutzeko balio dute. Herriko kultur eragileekin egin ohi da harremanean, eta ekintza osagarri interesgarriak egiten dira haiekin batera. Azkenik, hezkidetza eta kantagintza ere lantzen da txanda guztietan, horretarako dauden bi eragileren bitartez.