Bertsozale Elkarteak "Beste larogei urtian" liburu eta dokumentala egin ditu bere 25. urteurrena ospatzeko

Alberto Barandiaran egilea aurkezpenean azalpenak ematen
Foto: Bertsozale Elkartea
Actualizado: martes, 17 enero 2012 18:32

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Bertsozale Elkartea sortu zenetik 25 urte betetzen dira 2012. urtean, eta 25 urte horietako ibilbidea aztertu eta landu ondotik, "Beste larogei urtian" izenburuko liburu eta DVDan bildu ditu Bertsozale Elkarteak.

   Villabonan (Gipuzkoa) aurkeztu dute gaur liburua eta dokumentala biltzen duen DVDa Bertsozale Elkarteko arduradunek. Elkartea 500 bazkiderekin hasi zela gogoratu dute, eta gaur 2.300 bazkidetakoa dela nabarmendu. Gainera, ikaslerik ez zuen elkarte hark, eta orain 20.000tik gora ditu egun.

   Alberto Barandiaran kazetari iruindarra izan da liburua eta dokumentalaren gidoia idatzi dituena. Horretarako 1.000 txosten eta agiri irakurri eta ehunka argazki eta bideo ikusi ditu. 25 urteotan Bertsozale Elkarteko bazkide izan diren 40 lagun inguru elkarrizketatu ditu gainera.

   Liburuak bederatzi atal ditu. Elkartea sortu aurretik zegoen testuingurua azaltzen duen atalarekin hasten da, eta etorkizuna margotzen duen atalarekin bukatzen. Tartean daude 25 urteetako une, gune, gertakizun, eztabaida, erabaki esanguratsuenak jorratzen dituzten beste zazpi atalak. Argazkiak, berriz, 80tik gora dira, bederatzi ataletan barrena ikusten ahal direnak.

   Testu narratiboaz gain, sei elkarrizketa oso daude txertatuta hainbat ataletan: Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, Iñaki Murua, Ainhoa Agirreazaldegi, Arantza Mariskal eta Aritz Zerainen elkarrizketa sakon eta interesgarriak. Azken partean, gaur egungo Bertsozale Elkartearen argazkiaren berri ematen duten eranskinak dakartza liburuak.

   Irakurleak liburuaren atzeko aldean aurkituko du dokumentala, DVD batean. Ordubete eskaseko dokumentala da, Alberto Barandiaranek idatzi du oinarrizko gidoia, Lanku-ko langileen ekarpenekin osatu dena. Grabaketa, muntaketa eta editaje lanak Lanku-ko lantaldeak egin ditu. Nahi izanez gero, dokumentalean esaten dena lau hizkuntzetan -frantsesa, gaztelera, ingelesa eta euskara- irakur daiteke azpitituluetan.

   Liburua eta dokumentala ekoiztu ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxaren diru-laguntza jaso du Bertsozale Elkarteak. Liburuak eta DVDak osatutako paketeak 30 euro balio ditu. Bazkideek 21 euro ordainduta eskuratzen ahalko dute produktu parea Lankura deituz (0033 943 260 755) edo www.lanku.com webgunearen bidez. Herrialdeetako Elkarteen bidez ere eskuratzen ahalko da, eta urtarrilaren 28ko Bertso Egunean mahai batean jarriko da salgai.