Beti Jai Alai dantza talde bilbotarrak bere 45 urteak ospatuko ditu asteazkenean Bilboko Txistularien Bandarekin

Actualizado: martes, 22 enero 2013 14:36

BILBO, 22 Ene. (EUROPA PRESS) -

Beti Jai Alai dantza taldeak eta Bilboko Txistularien Udal Bandak erromeria bihurtuko dute Euskalduna Jauregia asteazken honetan, urtarrilaren 23an, dantza talde bilbotarraren 45. urteurrena ospatzeko emanaldi berezian. Hitzordua jauregi bilbotarreko A3 aretoan da, 20:00etan, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Beti Jai Alai Taldea 1968an jaio zen Basurtu auzo bilbotarrean, euskal musika eta dantza tradizionalak babestu eta sustatzeko asmoz, bertako auzokide batzuen eskutik. Gaur egun, 150 dantzarik osatzen dute taldea: 80 heldu eta 70 ume. Taldeak euskal dantzak eraman ditu nazioarteko hainbat jaialdira, adibidez, Alemaniara, Bulgariara eta Kroaziara), eta Begoñako amatxuren ereserkiaren doinua oinarrian harturik sortutako "Begoñako ezpata dantza" koreografia gorpuztu du, 1997tik Begoñako Ama Birginaren Egunean Basilikan ematen den mezan barneratuta dagoena.

Hain zuzen, "Begoñako ezpata-dantza" izango da asteazkeneko ikuskizuna hasiko duena. Saioak beste bi atal ere izango ditu: dantza gipuzkoar tipikoei dagokiena (ezpata dantza tradizionala, "Brokel dantza", "Agurra" edo "Uztai dantzak"), eta dantza bizkaitar tipikoei dagokiena (jotak, porrusaldak, dantzari dantza, eta andrazkoen soka dantza). Dantza guztien artean, Bilboko Udal Txistularien Bandak girotuko du itxaronaldia.