Bezeroekiko harremanetan hizkuntza eskubideak bermatzen ahaleginduko dira "punta puntako" merkataritza erakunde handiak

Jaurlaritzako eta akordioa sinatu duten entitateetako ordezkariak
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: viernes, 29 enero 2016 13:47

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

   Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak lankidetza hitzarmena sinatu du ostiral honetan Donostian, Euskadin lan egiten duten "punta puntako" zenbait merkataritza entitate handirekin, eta, horren baitan, erakunde sinatzaileek bezeroekiko harremanetan hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzeko konpromisoa hartu dute.

   Hitzarmena aurkezteko prentsaurrekoan, Uriarterekin batera, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak parte hartu du. Ekitaldia Donostiako Miramar Jauregian izan da, eta lankidetza hitzarmena sinatu duten entitateak ondorengoak dira: Carrefour Norte S.L., El Corte Inglés S.A., Eroski SKoop, Fnac S.A., Inditex S.A., Forum Sport, Media Markt S.A., Mercadona S.A., Supermercados Sabeco S.A. (Simply) eta Uvesco S.A..

   Aurkezpenean gogorarazi dutenez, Gernikako Autonomia Estatutuaren arabera, euskara eta gaztelania biak dira hizkuntza ofizialak Euskadin, eta hemengo biztanle guztiek dute bi hizkuntza ofizial horiek ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea. Gainera, Estatutuak berak eta Euskararen Legeak betebehar zehatz bat ezarri zien euskal herri aginteei: neurri egokiak hartzea euskara erabiltzeko eskubidea egiazki bermatzeko gizarte bizitzako arlo guztietan.

   Ostiral honetanb sinaturiko lankidetza hitzarmena, hain zuzen ere, bide horretan "elkarrekin aurrera egiteko" pentsatuta dago, hau da, "herritarren hizkuntza eskubideen alorrean elkarlana zehaztu eta egonkortzeko, eta indarrean dagoen araudiak aitortutako hizkuntza eskubideak bermatzeko, sinatzaile bakoitzari dagokion eremuan".

   Modu honetan, hitzarmenaren edukien arabera, entitate sinatzaileek bezeroekiko harremanetan hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzeko konpromisoa hartzen dute. Horrela, idatzizko harremanetan euskaraz eta gaztelaniaz gauzatuko dira seinale guztiak, toponimikoa barne; jendaurrean jartzeko kartel edo errotuluetan ageri den informazio finko eta aldakorra; jendearen eskura dauden inprimaki edo katalogoak, produktu edo zerbitzu bati edo gehiagori buruzko informazioa ematen badute, eta, ahal bada, ale banatan; kontsumitzaileek eta erabiltzaileek betetzeko diren inprimakiak, ahal bada, ale banatan.

   Halaber, euskaraz eta gaztelaniaz egon behar dira atxikimendu kontratuak, ereduzko klausulak dituzten kontratuak, kontratu arautuak, baldintza orokorrei buruzkoa den dokumentazioa, eta, ahal bada, ale banatan; eta kontsumitzaileei eta erabiltzaileei zuzendutako komunikazio edo jakinarazpenak, baita fakturak edo egindako operazioen ziurtagiriak, aurrekontuak, frogagiriak eta antzeko dokumentuak kontsumitzaileak aukeratutako hizkuntzan egingo dira, eta, bestela, elebitan.

AHOZKO HARREMANAK

   Bestalde, hitzarmena sinatu duten merkataritza erakundeak ahozko harremanetan jarraibide batzuk gauzatzen ahaleginduko dira. Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) kokaturiko bezeroari arreta emateko zerbitzu eta departamentuek bezeroa artatuko dute, hau bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan aritzen dela ere, eta, ondorioz, pertsonal berria hartzerakoan, betebehar hau bermatzeko neurriak hartuko dira.

   Beste alde batetiuk, telefono bidez -era pertsonalean edo automatikoki- eskaintzen den zerbitzuan ere, euskararen erabilera bermatzeko ahalegina egingo da.

   Entitate sinatzaileek eta Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bitartez (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza), borondatea adierazi dute lankidetza marko orokor baten bidez hiru lan ardatz garatzeko: informazioa eta ezagutza trukatzea, betiere indarreko legeriaren alorrean; aholkularitza, komunikazioa eta produktu eta zerbitzuen eskaintza; eta sinatzaileek elkarlanean egiten dituzten proiektuen azterketa bateratua eta egitasmo partekatuen garapena. Gainera, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, hitzarmenean jasotakoaren ebaluaziorako.

   Baztarrikak adierazi du akordio "garrantzitsua" aurrerapausoa dela, "herritarern hizkuntza eskubideen sustapenean lankidetza zehazten eta egonkortzen duelako" eta eskubide horiek bermatzea dakarrelako. "Denok irabazten dugu akordio honekin", gaineratu du.

   "Bidaltzen dugun mezuetako bat da, punta puntako merkataritza enpresentzat beren bezeroen hizkuntza eskubideak ez direla bigarren mailako eskubideak, eta euskara ez dela bigarren mailako hizkuntza, baizik eta lehen mailakoak direla euskara eta hizkuntza eskubideak ere. Hizkuntza eskubideak eta euskara inportanteak dira merkataritzako enpresentzat ere", azaldu du.

   Azkenik, Cristina Uriartek adierazi du lankidetza hitzarmen hau sinatzearen arrazoi nagusia dela "herritarren aukera berdintasuna bermatzea, baita hizkuntzei dagokienez" ere.