Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen bikotekideak jotzeagatik

Actualizado 2018/09/14 12:18:12 CET

GASTEIZ, 14 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udaltzaingoak 39 eta 33 urteko bi gizonezko atxilotu ditu azken orduetan, genero indarkeriako delitu bana egotzita, ustez bikotekideak jotzeagatik, Gasteizko Udalak jakinarazi duenez.

Lehenbiziko atxiloketa gauerdia jotzear zegoela gertatu da. Udaltzaingoko patruila bat Arana auzoko etxebizitza batera joan da, pertsona batek eraso bat gertatzen ari zela jakinarazi ondoren. Agenteek emakume bat aurkitu dute atarian, eta esan die bikotekideak jo egin duela.

Gizonak aitortu du eztabaidan aritu direla, baina ez duela jo. Hala ere, emakumeak aurpegia gorrituta zeukan, zaplaztekoak jaso izanaren antzera, eta udaltzainek 39 urteko gizonezkoa atxilotu dute. Goizean epailearengana eraman dute.

Bestalde, goizaldeko 01.00ak jota zirela, 33 urteko beste gizon bat atxilotu dute bikotekidea jotzeagatik. 092 telefono zerbitzuak dei bat jaso du, Lakuabizkarra auzoko etxebizitza batean eztabaida bat gertatzen ari zela esanez.

Bertaratu direnean, agenteek bikotearekin hitz egin dute. Hasieran guztia ezeztatu dute, baina emakumeak kolpe markak zituen eta azkenean aitortu du bikotekideak jo egin duela. Hori dela eta, udaltzainek gizona atxilotu eta epailearengana eraman dute; gainera, emakumeari jakinarazi diote salaketa jarri dezakeela eta osasun zentro batera lagundu dute, lesioak artatzeko.

Contador