Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen bizikletak lapurtzeagatik

Publicado: jueves, 27 julio 2017 17:53

GASTEIZ, 27 Jul. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 18 eta 21 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten joan den asteartean Gasteizen, ebasketa delitu bat egotzita. Bi gizonezkoek Valentin Foronda Zidorra kaleko bizikletak aparkatzeko batean giltzarrapoa jarrita zuten bi bizikleta ostu zituzten, ustez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Asteartean, arratsaldeko 18:00ak baino minutu batzuk lehenago, adin txikiko batek Ertzaintzari ohartarazi zion bi gizonezkok bizikletak lapurtu zizkietela berari eta lagun bati. Bizikletak Valentin Foronda Zidorra kaleko bizikletak aparkatzeko gune batean zeuden eta giltzarrapoa jarrita zuten. Susmagarriak bizikletak ebasten ari zirela distantzia jakin batetik ikusi zutenez gero, komunikatzaileak ustezko egileen deskribapena eman ahal izan zuen.

Pixka bat geroago, Ertzaintzaren patruila bat adin txikikoekin harremanetan jarri zen. Adin txikikoek haien bizikletak deskribatu zizkieten eta bi bizikleten baterako balioa 700 euro ingurukoa dela esan zieten. Horrez gain, bizikletak ostu ostean, ustezko lapurrek zer norabide hartu zuten esan zieten.

Informazio horrekin guztiarekin, patruilak lapurretaren inguruko kaleak miatu zituen, eta, gutxira, ustezko lapurren deskribapenarekin bat zetozen bi gizonezko topatu zituen Iruñea kalean. Susmagarriek bi bizikleta zeramatzaten, baina lapurtutakoez bestelakoak.

Geldiarazi zituztenean, 18 eta 21 urteko bi gizonezkoak identifikatu zituzten, eta beharrezko egiaztapenak egin ostean, ebasketa delitu bat egotzita atxilotu zituzten. Ondoren polizia dependentzietara eraman zituzten.