Bi gizon atxilotu dituzte Irunen, Bordelen ibilgailu bat lapurtu izana leporatuta

Actualizado: viernes, 7 enero 2011 18:09

DONOSTIA, 7 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 19 eta 34 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo gauean Irunen (Gipuzkoa), Frantzian ibilgailu bat lapurtu izana leporatuta. Frantziako agintariek euro-agindu bat zabaldu dute bi atxilotuen aurka, herrialde horretan hainbat delitu egin dituztelakoan. Arma bat erabiliz egindako lapurreta da horietako bat; Ertzaintzaren agenteek delitu horrekin lotutako frogak aurkitu dizkiete.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, Errege eguneko gauean, Gipuzkoako Trafikoko Unitateko agenteak Irunen patruilatzen ari ziren. Halako batean Frantziako matrikuladun ibilgailu bati erreparatu zioten; argiak itzalita zituen eta aurkako noranzkoan zihoan.

Ertzainek Behobiako bidegurutzearen inguruetan gelditu zuten ibilgailua eta zubia eginda zuela ikusi zuten. Barruan zihoazen bi bidaiariek ez zeramaten nortasun agiririk eta beren burua identifikatzeari uko egin zioten. Autoa miatu zutenean, beste ibilgailu baten agiriak eta emakumezko frantses baten kreditu txartelak aurkitu zituzten agenteek.

Autoa Bordelen ostua izan zela eta egun batzuk lehenago emakumezko frantses batek arma bat erabiliz egindako lapurreta bat jasan zuela jakin zuen Ertzaintzak eta baita, orduan ostutako gauzak izan zirela autoko bi gizonezkoei aurkitu berri zizkietenak.

Hau guztia kontuan hartuta, agenteek biak atxilotu zituzten ondarearen aurkako delitu bat egotzita. Gerora, Frantziako agintariek euro-agindu bi zabaldu dituzte atzemandako bi gizonezkoen aurka, betetzeke zituzten zenbait zigorren harira. Ertzaintzak jakin ahal izan duenez, 19 urteko atxilotuak delitu-historial luzea du.