Bi gizon atxilotu dituzte Soraluzen (Gipuzkoa) marihuana landatu eta saltzeagatik

Actualizado: viernes, 23 septiembre 2011 19:16

DONOSTIA, 23 Sep. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizonezko bi atxilotu zituzten atzo, irailaren 22an, Soraluzen (Gipuzkoa), ustez marihuana edukitzea eta landatzea eta horrekin trafikatzea egotzita. Ertzainek sail batean landatutako 30 landare baino gehiago atzeman zituzten eta horren ondoko txabola batean substantzia hori prestatzeko instalazio elektriko bat (presio handiko argiak, termometroak, tenporizadoreak eta aire-erauzgailu bat) aurkitu zuten. Beste txabola bat ere bazuten, lehortegi bezala erabiltzeko.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, aurretik egindako ikerketa batek baieztatu zuen Soraluzen marihuana sail bat egon zitekeela. Horrela, atzo, eta herritik bila aritu ondoren, agenteek itxita zegoen esparru batean aurkitu zuten marihuana, plastikoz estalita, negutegia bailitzan.

Jarraian, ertzainek baratze horren bi arduradun identifikatu zituzten, eta, inguruetatik miaketa egin eta gero, landareak atera eta eraman zituzten. Lursail horren ondoan, bi txabola zeuden; horietako baten hormak barrutik aluminioz forratuta zeuden, eta instalazio elektriko bat zuen (argiak, termometroak eta abar) landareak lehen fasean hazteko erabilitakoa, antza. Beste txabola substantzia hori pilatzeko erabiltzen omen zuten; marihuana-kukulu ugari eta marihuana-hostoak sikatzen aurkitu zituzten bertan.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du oraindik. Sail horren arduradunak izatea egotzita atxilotu dituzten pertsonak (32 eta 26 urteko bi gizonezko), berriz, Eibarko Guardiako Epaitegiaren esku utzi dituzte gaur goizean.