Bi gizon eta emakume bat atxilotu dituzte Bizkaian, beren bikotekideei erasotzeagatik

Actualizado: martes, 13 enero 2015 18:03
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Ertzaintzak bi gizonezkoren eta emakumezko baten kontrako eginbideak hasi ditu azken orduetan Getxon, Bilbon eta Mungian, genero indarkeriako eta etxeko indarkeriako delituengatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

   Lehenbiziko atxiloketa astelehen goizaldean izan zen, Getxon (Bizkai). Areeta inguruan zebilen bikote bat eztabaidan hasi zen; gizonak, emakumea iraindu ostean, kolpe bortitza eman zion aurpegian, eta ezpaina odoletan eta matraila handituta utzi zizkion. Biktima Ertzaintzarekin harremaneta jarri zen, eta gertatutakoa kontatu zuen. Handik minutu batzuetara, patruila bat bertaratu zen eta ustezko egilea atxilotu zuen.

   Bestalde, astelehen arratsaldeko 16:00etan, Ertzaintzak beste eraso baten berri izan zuen. Gizon batek bere bikotekideari eraso egin zion Mungiako (Bizkai) Garbigunearen inguruan. Bertara agertu ziren udaltzainek bi pertsona borrokan ikusi zituzten, eta haietako batek adierazi zien, Mungiarantz zihoala, beste kidea lurrean belauniko ikusi zuela emakume baten gainean. Antza denez, sorbaldetatik eutsi eta lurraren kontra zeukan, ahozpez.

   Hori ikusita, salatzaileak ibilgailua geratu zuen biktimari laguntzeko, eta, gizonarengana gerturatu ostean, azken horrek altxatu eta burua zapaldu zion emakumeari. Ondoren, bi gizonak borrokan hasi ziren, eta, hala ari zirela, udaltzainak iritsi eta erasotzailea atxilotu zuten. Udaltzainek Ertzaintzari deitu zioten, eta ertzainek biktima artatu eta atxilotua polizia etxera eraman zuten, egin beharreko izapideak egitera.

   Azken atxiloketa Bilboko Santutxu auzoan izan zen, astelehen gaueko 23:00ak pasatxo zirela. Kasu honetan, emakume batek gizonezkoa jipoitu zuen, eta daga bat sartzen saiatu zen hainbatetan. Biktimaren lagunek galarazi zuten, arma eskuetatik kenduta, eta ondoren, Ertzaintzari deitu zioten. Patruila bat bertaratu eta, zer gertatu zen jakin ostean, ustezko erasotzailea atxilotu zuten etxeko indarkeria delitu bat egotzita.