Bi hitzaldi antolatu dituzte Bilbon, Joxe Migel Barandiaranen jaiotzaren 125. urteurrena ospatzeko

Actualizado: lunes, 16 febrero 2015 14:07
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udal Liburutegien Sareak bat egingo du 2014ko abenduaren 31n bete zen Joxe Migel Barandiaranen jaiotzaren 125. urteurreneko ospakizunekin, eta arkeologiari eta historiaurreari buruzko bi hitzaldi antolatu ditu, Joseba Ríos eta Diego Garate ikerlariekin. Hitzaldiak otsailaren 19an eta 26an, dohainik, Deustuko eta Begoñako udal liburutegietan, hurrenez hurren.

   Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehenengo mintzaldia datorren ostegunean, otsailaren 19an, izango da, arratsaldeko 19:00etan, Deustuko Udal Liburutegian. Bertan, Joseba Ríos ikerlariak neandertalei buruz hitz egingo du. Bizkaian bizi izan ziren, eta azken urteetako aurkikuntza eta aztarna gehienak horiei buruzkoak izan dira. Horri esker, 100.000 urte baino gehiago bizirik irautea lortu zuen espezie hori askoz hobeto ezagutzeko aukera izan da. Gaur egun, badakigu lurralde zabalak ustiatzen zituztela, oso ehiztari eraginkorrak zirela eta nahiko kultura eta gizarte egituratuak zituztela.

   Joseba Ríos bilduma litikoen kudeatzaile da Burgoseko (Espainia) Centro Nacional para la Investigación sobre la Evolución Humana (CENIEH) izenekoan. Arlanpe (Lemoa) edo Axlor (Dima) bezalako aztarnategietako indusketa proiektuen zuzendaritzan aritu da, eta une honetan Aranbaltzako (Barrika) aire zabaleko aztarnategiko indusketak zuzentzen ari da.

   Hurrengo hitzaldia otsailaren 26an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Begoñako Udal Liburutegian. Diego Garate ikertzaileak artearen jatorrira hurbilduko ditu bertaratutakoak, gaur egungo homo sapiensari lotuta. Horrelako arte adierazpen motaren adierazle nagusia Goi Paleolitoko (K.a. 40.000-10.000) haitzulo, harpe eta harkaitz apainduetan dago. Azken ikerketek lotura artistiko eta sinboliko interesgarriak aurkitu dituzte Pirinioetan eta Kantaurialdeko kostaldean dauden apaindutako haitzuloen artean.

   Diego Garate arkeologoa da, eta Bizkaiko Arkeologia Museoan egiten du lan, Bilbon. Halaber, Tolouse Le Mirail Unibertsitateko CREAP Cartailhac, TRACES-UMR 5608 Zentroan (Frantzia) eta Santanderreko Instituto Internacional de Investigadores Prehistóricas de Cantabria izenekoan ikerlari kide gisa aritzen da.