Bi pertsona atxilotu dituzte Errenterian gizonezko bat sastakatzeagatik

Actualizado: martes, 2 septiembre 2014 14:14

BILBAO, 2 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bi pertsona atxilotu zituzten Errenterian lehengo astean hilketa-saioko delitu bat egotzita, arma zuriarekin gizonezko bat sastakatzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak asteartean jakinarazi duenez.

Gertakaria ostegunean, abuztuak 28, izan zen biktimaren etxean, Errenterian. Ondoren atxilotutako bikotea, 41 urteko gizonezko bat eta 31 urteko emakume bat, 80 euroko zor baten eske bertaratu zen. Hitz egin ondoren, hasieran biktimak onartu zuen bikotearekin kutxazain batera joatea dirua atera eta horrela mailegua itzultzeko. Alabaina, bikotea etxetik atera ondoren, atea itxi zuen gizonezkoak, eta etxean babesten saiatu zen.

Bikoteak, baina, etxeko atea behartu zuen eta bigarren aldiz sartu zen barruan. Orduan, aizto batez eraso egin zioten bi zauri ebakidun eraginda, bat toraxean eta bestea saihets aldean. Bikoteko bi kideek hartu zuten parte erasoan nonbait.

Biktimak, halere, ihes egitea lortu zuen; taberna batean babestu zen eta laguntza eskatu zuen. Ospitale batean artatu zuten ondoren. Egun batez egon zen ospitalean medikuaren sendagiria jaso arte.

Ertzaintza bertaratu zen eta bi susmagarriak inguruan atxilotu zituen. Ondoren, hamaika zentimetroko xaflako aizto bat aurkitu zuten kalean, erasoan erabili zutena. Are gehiago miatuta, bigarren aizto bat aurkitu zuten inguruko ibai batean, eta gertaerekin zerikusia duen aztertzen ari da Polizia Zientifikoa.

Atxilotutako gizonezkoa Donostiako guardiako epailearen esku jarri zuten igandean, zeinak Martutenen espetxeratzeko agindu zuen. Emakumeak, berriz, atzo astelehenean egin zuen adierazpen judiziala, eta espetxe berean sartu zuten arratsaldean. Biek dituzte polizia-aurrekariak.