Bidaiarien sarrerak %16,6 gehitu ziren apirilean EAEko hotel establezimenduetan

Aste Santua apirilean ospatu izanak lagundu du bidaiari sarrera gehiago izaten
Europa Press
Actualizado: lunes, 22 mayo 2017 10:48

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotel establezimenduek 258.288 bidaiariren sarrerak erregistratu zituzten joan den apirilean, hau da, aurreko urteko hil berean baino 36.733 gehiago, eta, beraz, %16,6ko gehikuntza. Bidaiarien sarrerak %32,4 gehitu ziren Araban, %19,7 Gipuzkoan eta %10 Bizkaian, Eustaten datuen arabera. Estatistikaren Euskal Erakundeak gogorarazi du 2016ko Aste Santua martxoan izan zela, eta aurtengoa, aldiz, apirilean.

Gaualdiak 486.886 izan ziren apirilean, aurreko urtekoan baino 89.684 gehiago (%22,6ko igoera). Gaualdiek ere urte arteko tasa positiboak izan zituzten hiru lurraldeetan: %39,7 Araban, %26 Gipuzkoan eta %15,7 Bizkaian.

Espainiako Estatuko bidaiariak %17,6 gehitu ziren EAEn joan den apirilean, aurreko urteko apirilaren aldean, eta beste herrialde batzuetakoak %14,9. Araban estatuko bisitarien sarrerak %34,4 gehitu ziren eta beste bidaiarienak %27,1; Bizkaian estatukoak %7,6 gehitu ziren, eta besteak %14,2, eta Gipuzkoan estatukoak %24,6 gehitu eta besteak %13,1.

Batez besteko egonaldia apirilean 1,89 egun izan zen (2016an 1,79 egun). Araban, iazko urteko 1,69 egunetik aurtengo 1,78 egunera luzatu da; Bizkaian 1,80tik 1,89ra luzatu eta Gipuzkoan 1,92tik 1,82ra laburtu.

Plazakako betetze maila %9,5 puntuz handitu zen apirilean EAEn, 2016ko %46,4tik aurtengo %55,9ra. Arabako plazakako betetze maila %15,5 puntu gehitu zen (%34,8tik %50,3ra), Bizkaian %6,9 puntu (%47,6tik %54,5era), eta Gipuzkoan %10 puntu (%49,8tik %59,8ra). Gelakako betetze maila %6,5 puntu gehitu zen apirilean EAE osoan, eta %65,4 izan zen. Araban %12,3 puntu gehitu zen (%58,8), Bizkaian %3,3 puntu (%66,3) eta Gipuzkoan %7,9 puntu (%66,8ra).

Hotel okupaziorik handienak apirilean Donostian (%69,0), Bilbon (%61,1) eta Gipuzkoako kostaldean (%59,8) izan ziren, eta asteko eguna aintzat, apirilean okupaziorik handiena asteburuetan izan zen, %68,7ko okupazioarekin, lanegunetan %50,3koa izan zen bitartean.

Sektorearen errentagarritasun adierazleei dagokienez, eguneko batez besteko tarifa (ADR) 80,7 euro izan zen joan den apirilean, aurreko urtean baino %10,7 gehiago. Herrialdeka, Araban ADR 70 euro izan zen (%7,6 gehiago), Bizkaian 74,7 euro (%9,3 gehiago), eta Gipuzkoan 91,5 euro (%12,4 gehiago). Okupazioaren araberako gela eskuragarriko diru sarrerak (RevPar), aldiz, 52,7 euro izan ziren EAEn apirilean, 2016koan baino %22,9 gehiago. Araban RevPar 41,2 euro izan zen, Bizkaian 49,5 euro, eta Gipuzkoan 61,2 euro.

LANDA TURISMOA

Bestalde, EAEko landa turismoko ostatuetan 16.006 bidaiariren sarrerak erregistratu ziren apirilean, hau da, aurreko urteko hil berean baino %59,5 gehiago. Araban %50,8ko gehikuntza izan zen sarreretan, Bizkaian %56,7koa, eta Gipuzkoan %6ekoa. Espainiako Estatuko bidaiarien sarrerak 59 gehitu ziren, eta beste tokietakoenak %63,1, sarrera guztien %12,5 izanik.

Apirilean 40.135 gaualdi izan ziren, aurreko urteko hil berean baino %105,2 gehiago. Araban %79,9 igo ziren gaualdiak, Bizkaian %93,2, eta Gipuzkoan %125,4.

Plazakako betetze maila %31,6 izan zen, iazko apirilean baino %15,3 puntu gehiago. Araban %12,5 puntu gehitu zen plazakako betetze maila, eta %29,5 izan zen. Bizkaian betetze maila %29,6 izan zen, iaz baino %13,2 puntu gehiago, eta Gipuzkoan %33,8, iaz baino %17,9 puntu gehiago. Bidaiariko batez besteko egonaldia iazko 1,95 egunetik aurtengo 2,51 egunera pasa da.

ASTE SANTUA

Bestalde, Aste Santuan, ostegunetik igandera (lau gau), 43.632 bidaiariren sarrerak erregistratu ziren, 2016koan baino %3,8 gehiago. Espainiako Estatuko 30.639 bidaiari sarrera izan ziren, iaz baino %3 gutxiago, eta beste tokietako bidaiarien 12.993 sarrera, 2016an baino %24,1 gehiago. Araban 7.073 sarrera izan ziren, aurreko urtean baino %11,7 gehiago; Bizkaian 19.872 izan ziren (%0,7 gehiago), eta Gipuzkoan 16.687 (%4,4 gehiago).

Halaber, 94.123 gaualdi izan ziren Aste Santuan EAEn, 2016koan baino %3,2 gehiago. Araban 13.960 gaualdi izan ziren (%7,9 gehiago), Bizkaian 43.223 (%2,3), eta Gipuzkoan 36.940 (%2,6).

Aste Santuko gelakako betetze maila %82,4 izan zen, aurreko urtean baino %2,0 puntu gehiago. Araban gelakako betetze maila %81,6 izan zen (%8 puntu gehiago), Bizkaian %81,9 izan zen (%2,8 puntu gehiago), eta Gipuzkoan %83,3 (%1,5 puntu gutxiago). Hiriburuetan, gelakako betetze maila handiena Donostian izan zen (%91,1), baina aurreko urtean baino %0,4 puntu gutxiago; Bilbon %85,8ko gelakako betetze maila izan zen
(%1 puntu gehiago), eta Gasteizen %81,7koa (%5,4 puntu gehiago).

Azkenik, EAEko hotel establezimenduetan maiatzaren 1eko zubian izandako bidaiarien sarrerak 23.426 izan ziren (apirilaren 29tik 30era bitarteko bi gauak), eta gaualdiak 47.768. Plazakako betetze maila %81,5ekoa izan zen, eta gelakakoa %87,4koa.