Bidaien kopurua %6,24 igo da Lurraldebuseko autobusetan urteko lehen seihilekoan

Lurraldebuseko unitate bat
gipuzkoako foru aldundia
Actualizado: martes, 22 julio 2014 12:27

DONOSTIA, 22 Jul. (EUROPA PRESS) -

Lurraldebuseko autobusetan 2014. urteko lehen sei hilabeteetan egindako bidaien kopuruak %6,24ko igoera izan du. Halaber, 2010etik 2013ra, %10,7 igo da bidaien kopurua, hau da, 19 milioitik 21 milioira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera.

Gipuzkoako Aldundiak bere ardurapeko Lurraldebuseko autobusetan bidaiarien kopuruak izandako bilakaera aztertu du, eta herri arteko autobus zerbitzuen datuak "benetan onak" direla baieztatu du, "azken urteetan erabilera datuek gora egin dute nabarmen".

Alde batetik, azken sei hilabeteetako datuak aztertu ditu. Datu horiek 2013ko garai berekoekin alderatua, "aurten igoera nabarmena izan da" herri arteko autobus zerbitzuan, erabiltzaileen kopurua %6,24 igo baita. Igoera hilabete guztietan eman da, apirilean izan ezik, baina hor Aste Santuak eragina du, urtearen arabera martxoa edo apirilean denez, horrek datuak asko aldatzen dituela bi hilabete horietan. Era berean, azpimarratzekoa da, hiru hilabete ohikotan (otsaila, maiatza eta ekaina) igoera ia %8koa izan dela.

Azken sei hilabeteetako bilakaera "urtetako joera baten isla" dela nabarmendu du foru erakundeak. Esaterako, 2010etik 2013ra, Lurraldebuseko zerbitzuetan igoera "nabarmena" izan da: bi urte horietako datuak hartuta, bidaena kopuruaren igoera %10,7ko izan da, eta 2010ean 18.944.416 bidaiari izatetik 2013an 20.970.077 izatera pasatu da.

Kontuan hartu beharreko faktorea da krisi garaietan garraio publikoan bidaiari kopurua jaitsi egiten dela orokorrean, baina Gipuzkoako herri arteko zerbitzuetan ez da horrela gertatu, eta bidaiarien kopuruak gora egin du nabarmen. "Horretan Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustuak zerikusi argia izan du, izan ere, Aldundiak garraio publikoa bultzatzeko politikak egin ditu", adierazi du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak urtez urte gero eta diru gehiago inbertitu du garraio publikoan eta horrek erabiltzaile gehiago izatea eragin du. Adibide gisa, Lurraldebusentzat aritzen diren langile kopuruak gora egin du nabarmen 2011tik 2013ra, 48 lanpostu sortu baitira, %8,4 gehiago.