Bide Segurtasunari buruzko I. Eskola Lehiaketako sariak banatu ditu Bizkaiko Aldundiak

Lehiaketaren irabazleak
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 20 febrero 2013 14:08

BILBO, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraioen diputatu Itziar Garamendik Heltzen Fundazioarekin batera foru erakundeak antolatu duten Bide Segurtasunari buruzko I. Eskola Lehiaketako sariak banatu ditu asteazken honetan. Hiru helburu izan ditu lehiaketak: bide-segurtasunaren inguruko hezkuntza sustatzea Bizkaiko ikastetxeetan, bide-segurtasunak duen garrantziaz ikasleak kontzientziatzea, eta gai horretan inplika daitezela lortzea.

Garamendirekin batera, Aldundiko Bide Azpiegituren zuzendari nagusi Mikel Iriondo eta Heltzen Fundazioko presidente Andoni Arriola eta zuzendari Txema Soto egon dira ekitaldian. Diputatuak eskerrak eman dizkie parte-hartzaile guztiei eta, bereziki, saridunei, bide-segurtasuna dela erakutsi duten inplikazioagatik, istripuak zein haien ondorioak prebenitu eta biziak salbatzen laguntzen baitu bide-segurtasunak.

Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleentzat egon da zabalik lehiaketa, eta bide-segurtasunari buruzko egunkari edo aldizkari bat garatu behar izan dute, irakasle batek lagunduta, eta gehienez ere bost kideko taldeetan. Argitalpenaren formatua aukeratzeko askatasun osoa izan dute, baina bertan, nahitaez, gaiari buruz duten iritzia azaltzeko editoriala jaso behar izan dute.

Lehenengo lehiaketa honetan Bizkaiko hainbat ikastetxetako 18 ikasle-taldek hartu dute parte. Guztira, 90 ikasle lehiatu dira ekitaldi honetan banatu diren sariak eskuratzeko: mendiko bizikleta eta kaskoa lehenengoentzat; "waveboard" eta kaskoa bigarrenentzat, eta liburu-sorta hirugarrenentzat.

CEIP Gorondagane HLHI ikastetxeko ikasleek lortu dute lehenengo saria, lehiaketara aurkeztutako "Kontuz! Stop!" aldizkariagatik; taldean hauek egon dira: Irati Bilbao, Irati Vazquez, Nahia Valle, Iraia Garcia eta Aiane Barrueta, Paulino Parra irakasleak zuzenduta.

Bigarren saria ikastetxe bereko Maite Lopez, Coro Rey, Anaitze Menike, Sonia de la Cruz eta Maitane Cordobesek lortu dute, eta hirugarren saria, Hijas de la Cruz ikastetxeko Markel Gutierrez, Estefania Agudelo, Ander Fernandez, Adriana Botran eta Andrea Alvarezek osatu eta Tania Casado tutoreak zuzendutako taldeak eraman du.