Bidegik neurriak hartu ditu ordainlekuetan Aste Santuan izango diren "359.000 ibilgailuen joan-etorria arintzeko"

Gipuzkoako errepideak
BIDEGI
Actualizado: lunes, 10 abril 2017 12:14

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

Bidegi AP-8 eta AP-1 autobideak kudeatzen dituen Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak Irun eta Zarauzko ordainlekuetako kabinetako zerbitzuak indartuko ditu langile gehiagorekin, aurreikuspenen arabera Aste Santuan bi toki horietatik igaroko diren "359.000 ibilgailuen joan-etorria arintzeko". Halaber, foru erakundeak gogoratu duenez, Biriatuko mugan Frantziako Gobernuak ezar ditzakeen balizko segurtasun neurriak medio, auto ilara handiak sor daitezke Frantziara bidean.

Hori dela eta, mugaz gaindiko joan-etorriren bat egitea aurreikusi dutenei informatuta egotea gomendatu die, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko web orrian (www.trafikoa.eus) eta Twiterren (www.twiter.com/trafikoaejgv), Bidegiko webguneko mapan (www.bidegi.eus) edota 011 telefonoan.

Bidegiren zenbatespenen arabera, asteazkenetik, apirilaren 12tik, datorren astelehenera, apirilaren 17ra, Irungo ordainlekutik 153.000 ibilgailu igaroko dira bi noranzkoetan. Horietatik 65.000 Iparraldera eta Frantziara joango dira, eta 88.000 Behobiatik Bilborako noranzkoa hartuko dute. Gorakada handiena Frantziara bidean asteazkenean eta ostegunean espero da, eguneko 13.300 ibilgailurekin; Bilborantz, berriz, ostiralean eta larunbatean, 19.000 ibilgailurekin. Zarauzko ordainlekutik 206.000 ibilgailu igaroko dira, 96.000 Behobiarantz eta 110.000 Bilbo aldera.

Aurreikuspen hauekin eta mugimendu gehien duten egunei begira, Bidegik Irun eta Zarauzko ordainlekuetan langile gehiago izango ditu kabinak irekita mantentzeko eta ondorioz trafikoa arintzeko, edozein halabehar berehala konpontzeko eta, ahal den neurrian, sor daitezkeen itxarote denborak murrizteko. Postuak prestatuta egongo dira Abiatu, kreditu eta zordunketa txartelekin, diruz edo T-Bidea sistemaren bidezko ordainketak onartzeko. Era berean, egun hauetan joan-etorriak errazteko, AP-8 eta AP-1ean egiten ari diren lanak bertan behera geratuko dira.