Bidegiren zorra estaltzeko Gipuzkoako Aldundiak 2015ean 8,9 milioi jarri beharko dituela aurreikusiko da aurrekontuetan

Actualizado: martes, 21 octubre 2014 13:28

DONOSTIA, 21 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bidegi sozietate publikoaren zorra estaltzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015. urtean 8,9 milioi euro jarri beharko dituela aurreikusiko da aurrekontuetan. 2011ko hasieran sinaturiko kredituari aurre egiteko nahikoa diru sarrerarik ez ditu Bidegik, "kontratuak aurreikusitako zirkulazio igoera ez delako bete, inondik inora", Diputazioko iturriek adierazi dutenez.

Bidegik 2011ko hasieran 395 milioi euroko kreditua hitzartu zuen banketxeekin (895 milioi guztira, lehendik zuenarekin batuta), gehientsuena ordura arte egindako lanak ordaintzeko, eta Gipuzkoako Aldundiak urte horretan bertan ikusi zuen kreditu hori ordaintzeko zailtasunak izango zituela, kredituari aurre egiteko "izugarrizko zirkulazio igoera aurreikusten baitzuen kontratuak, eta aurreikuspen horiek ez dira lehenengo urtetik bete".

Bidegik lehenengo urteetan, batez ere, kredituaren interesak ordaindu behar izan ditu, eta ordainketa horiei aurre egin ahal izan die, enpresa barruan hartu diren hainbat erabakiri esker: autopisten mantenuaz arduratzen den Bidelan enpresarekin akordioa lortu eta urtero hiru milioi euro aurreztuz (21 milioi euro guztira); gastu arrunta kontrolatuz; kudeaketa zorrotza eginez eta abar.

Halere, 2015ean Bidegik 64,7 milioi ordaindu behar dizkie banketxeei, eta gainera, kontratu kredituaren betebehar finantziarietan beste 10,4, eta kontuan hartuta Bidegik 107 milioi inguru fakturatzen duela urtero eta mantenurako 40,8 milioi behar dituela, "argi dago oso zaila dela zorrari aurre egitea"

"Beraz, kreditu kontratuak aurreikusten duen bezala, Aldundiak 8,9 milioi jarri beharko ditu aurrekontuetatik Bidegiren zorrari aurre egiteko; diru hori kapital handitze gisa jarri beharko du Aldundiak. Gainera, hurrengo urteetan ere gauza bera gerta daiteke, 6,5 milioi euro 2016an, 15 milioi 2017an eta beste hainbeste 2018an", azaldu dute.

BESTE IRTENBIDEAK

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2011n bertan iragarri zuen Bidegik 2015etik aurrera "arazo larria" izango zituela zorrari aurre egiteko, kreditu kontratua sinatzerako orduan ezarri ziren zirkulazio handitzeen aurreikuspenak neurrigabeak zirelako eta, beraz, aurreikusitako diru sarrerak eskura ezinak (Bidegiren diru sarrera ia bakarra ordainsarietatik lortutakoa da).

Egoera horretara ez iristeko neurri asko hartu diren arren, 2015eko aurrekontuetan 8,9 milioi euro jarri beharko dira. Hala ere, Aldundiak hasieratik esan zuen hori "hipotesirik okerrena" dela, Aldundiaren ustez "ez baita bidezkoa gipuzkoar guztiek ordaintzea Bidegik hartutako zorra".

"Horregatik, egoera zaila izan arren, Aldundiak lanean jarraitzen du, azkenean, Aldundiak diru hori ordaindu behar ez izateko. Ez da erraza izango, baina Aldundiak bide horretan lanean jarraituko du", adierazi dute.