Bidesariak %2 igo dira AP-8 autobidean, Artxandako tuneletan eta Bilboko metropoliaren hegoaldeko saihesbidean

Metropoliaren hegoaldeko saihesbidearen tarte bat
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 21 enero 2013 13:16

BILBO, 21 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bidesariek %2 egin dute gora AP-8 autobidean, Artxandako tuneletan eta Bilboko metropoliaren hegoaldeko saihesbidean, joan den urtarrilaren 1ean indarrean sartu baitziren 2013an azpiegiturok izango dituzten prezioen eguneratzea arautzen duten foru dekretuak. Urtetik urterako KPI baino beherago dago hazkundea, %3,3 izan baita indizearen balioa, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Hala, bada, bide-azpiegitura horien prezioek, oro har, 1 eta 22 zentimo artean egin dute gora. AP-8an, esaterako, autobidearen tarterik luzeena kontuan harturik (mendebaldeko sarbidetik hasi eta Gipuzkoako mugaraino doan tartea), ibilgailu arinen ordainsaria 4,06 euro da (2012an baino zortzi zentimo gehiago); I. kategoriako ibilgailu astunena, 9,86 euro (19 zentimo gehiago); eta II. kategoriako astunena, berriz, 11,12 euro (22 zentimo gehiago).

Artxandako tunelei dagokienez, 1,05 euro ordaindu behar dute ibilgailu guztiek lanegunetan, eta 0,63 eta 0,73 euro artean jaiegunetan, ibilgailu motaren arabera. Horren arabera, igoera erreala, lanegunetan, 0,02 euro izan da, eta jaiegunetan, berriz, 0,01 eta 0,02 euro artekoa.

Azkenik, metropoliaren hegoaldeko saihesbidean, eta tarterik luzeena erreferentziatzat hartuz (Larraskitu-Trapagaran), lanegunetan darabilten ibilgailu arinek 0,02 euro gehiago ordainduko dute, eta larunbat eta jaiegunetan, berriz, 0,01 euro gehiago. Ibilgailu astunek 0,07 euro gehiago ordainduko dute, bai lanegunetan bai larunbat eta jaiegunetan.

DESKONTUAK

Bestalde, tarifa berriek ez dute aldatu orain arte aplikatzen zen deskontuen araubidea. Beraz, AP-8 autobidean, Zornotza-Durango edo Zornotza-Ermua bide-tarteetan dabiltzan ibilgailu arinei 0,80 euro itzuliko zaizkie bidaia bakoitzeko, baldin eta OBE edo Vía T txartela erabiltzen badute ordaintzeko.

Artxandako tuneletan, lehengo berean utzi dira hilean bost bidaia baino gehiago egiten dituztenen deskontuak; esate baterako, %44 da deskontua hilean 31 bidaia baino gehiago egiten dutenentzat.

Azkenik, metropoliaren hegoaldeko saihesbidean, %13ko deskontua egiten zitzaien garraiolariei, OBE sistema erabiliz gero, eta horrek berdin jarraituko du aurten.