BIG Bilbao ekintzailetza zentroa inauguratu dute, enpresa eta negozio berriak sortzen laguntzeko

BIG Bilbao
Europa Press
Actualizado: jueves, 16 marzo 2017 14:26

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak BIG Bilbao (Bilbao Ideien Gunea) inauguratu du ostegun honetan. Ekintzailetza zentro berritzailea da, eta hirian enpresa arloko proiektuak martxan jarri nahi dituztenentzako baliabide eta ekintza guztien sarrera atea izatea eta Bilbo negozioetarako leku erraza izatea dira helburu nagusiak.

BIG Bilbao Colon Larreategi kaleko 3 zenbaian dago, lehen Udaltzaingoaren komisaria zegoen lekuan, eta erabat berriztu da. 423 metro koadro ditu, eta erabilera askotarako gelak, argitasun handikoak, beira bidez banatuta. Kolore neutroak erabili dira eta leku erakargarria da pertsonentzat, kanpotik begiratuta.

Zentroa abian jarrita, Bilboko Udalak "urrats bat gehiago eman du" hiriaren garapena eta sustapena indartzeko helburuan, hain zuzen ere, legegintzaldi honetako ardatz estrategikoetako batean, sektore ekonomiko berrien garapenean eta ekintzailetzan lagunduz. Bilboko Udalarentzat "erronka estrategikoa" da, jarduera ekonomikoa eta lana sortuko duten enpresa arloko proiektuak sortzea erraztu nahi duena.

Espazio berri honekin, Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal sozietatearen bidez eskaintzen zituen zerbitzuak areagotu nahi ditu, baina protagonismo handiagoa emanez eta jarduerak, baliabideak eta metodologia berriak leku berean eskainiz, hiriaren erdigunean.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak inaugurazio ekitaldiaren adierazi duenez, BIG Bilbao "modernoa eta pertsona eta enpresa guztientzako modukoa da, eta Bilboko ekintzailetzaren erreferentzia nagusi bihurtzeaz gain, hiriaren ahal ekonomiko guztia izango dugu bertan".

BIG Bilbao ekintzaileei laguntzeko baliabide guztiak bilduko dituen lehenengo zentroa izango da. Orientazio, koordinazio eta ekimenaren arabera, laguntzarako eragilerik edo zerbitzurik onenera bideratzeko zerbitzu integrala eskainiko du eta, aldi berean, "Bilbo lurralde ekintzaile bihurtuko duten jarduerak hona ekartzeko eta dinamizatzeko motorra izango da".

AKORDIOAK

Eremu askotako bazkideekin akordioak izango ditu eta, aurrera begira, beste bazkide batzuk izateko aukera ere egongo da. Besteak beste, bazkide dira Bilbon dauden hiru unibertsitateak (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitaea eta Mondragon-Bilbao Berrikuntza Faktoria), Bilboko Merkataritza Ganbera, Elkargi, Microsoft edo HP.

Akordio horien bidez, zenbait proiektu eta programa garatu eta gauzatuko dira. Horietako batzuk eragile eta enpresa horien paper zorroan zeuden lehendik, eta beste batzuk, ordea, batera eta ekintzaileentzat beren beregi garatzekoak dira.

BIG Bilbao zentroaren jatorria Bilbao Ekintza udal sozietatean dago, baina orain espazio berri batera dator hirian proiektu eta negozio berriak irekitzen eta abian jartzen laguntzeko.

Bilbao Ekintza ekintzailetzaren arloko erreferentziako eragilea da Bilbon. Esparru horretan ari da lanean 1996tik eta ekintzailetzari laguntzeko eskaintzen dituen zerbitzu eta programei esker, 1.800 enpresa baino gehiago sortu dira hirian, eta lehiakortasuna eta berrikuntza sustatu du 2.708 enpresa txiki eta ertain eta saltokitan. 2016an bakarrik, 200 enpresa eta saltokiri baino gehiagori eman zitzaion laguntza; horietatik 146, Bilbon sortutako negozio berriak izan ziren.