Bihotz gutxiegitasunen tratamendua hobetzen duen taupada markagailua ezarri dute Basurtuko Ospitalean

Basurtuko Ospitalea
Foto: Europa Press
Actualizado: martes, 28 enero 2014 17:46

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   Basurtuko Unibertsitate Ospitalea da birsinkronizazioko taupada markagailuetarako elektrodo tetrapolarra ezarri duen Estatuko lehen ospitalea. Gailu berria da, teknologia aurreratukoa, eta, horri esker, bihotz gutxiegitasuna duten pazienteen tratamendua hobetzen du, funtsezko hobekuntza baitakarkie medikuei ebakuntza geletako ezarpenean. Izan ere, teknika konplexua eta nekeza da, eta konplikazioak izaten dira batzuetan, ospitale bilbotarreko iturriek adierazi dutenez.

   Aparailu berri hori eskuratuta, Osakidetzako ospitaleak tresna berri bat du erabilgarri bihotz gutxiegitasunen tratamendurako. Hain zuzen ere, munduan 26 milioi lagun baino gehiagok pairatzen dute patologia hori, eta haren prebalentzia indizeak gora egin du azken hamarkadetan.

   Bihotz gutxiegitasuna dugula esaten da gure bihotzeko muskulu ahul bat organismoaren beharrak betetzeko nahiko odol ponpatzeko gai ez denean. Normalean, bihotzak behar bezala uzkurtzeko edo lasaitzeko ezintasuna izateak eragiten du hori.

   Osakidetzako Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Kardiologia Zerbitzuko Maria Fe Arcocha doktorearen arabera, teknologia horrek "ahalbidetuko du bihotz gutxiegitasuna duten eta birsinkronizazio terapia jarraitzen duten pazienteen tratamendua irisgarriago egitea, eta horri esker, ez da konplikaziorik agertuko, ez da ebakuntza kirurgikorik egin beharko eta aukera izango da paziente konplexuagoei eta lehen eman ezin zitzaien beste paziente batzuei ere eskaintzeko. Horrek pazienteen pronostikoa hobetuko du, baina ez hori bakarrik, baita haien bizi kalitatea ere".

ALLUREQUADRA

   Zehazki, bihotz birsinkronizazio terapietarako AllureQuadra gailua da Basurtuko Ospitaleak eskuratu duena, eta elektrodo tetrapolarren teknologiarekin lan egiteko diseinatu den lehen taupada markagailua da. Elektrodo tetrapolarrek diseinu aurreratua dute, eta lagungarri zaizkie medikuei teknika konplexu horretako ohiko konplikazioak tratatzeko, pazienteei ebakuntza kirurgiko gehigarririk egin beharrik gabe.

   Era horretako gailuak bihotz gutxiegitasuna duten pazienteei ezartzen zaizkie, bihotza ponpaketa erritmo egokiarekin sinkronizatzen laguntzeko. Hainbat elektrodo edo kable ditu gailuak; elektrodo edo kable horiek bihotzeko gune jakin batzuetan jarri behar dira, eta zail izaten da gune horietara iristea, askotan. Gainera, kirurgia luzea behar izaten da horretarako, eta konplikazioak izaten dira batzuetan.

   Mundu mailan egindako hainbat azterlanetan ikusi denez, gailu horiek funtsean hobetzen dute bihotz gutxiegitasun aurreratua duten pazienteen bizi kalitatea eta haien heriotza tasa jaisten dute, elektrodo berriak erabiltzen dituen teknologia hobetuari esker. Izan ere, elektrodo berri horien laguntzarekin, medikuek aukera gehiago izaten dute onurarik handiena ekarriko duten guneetan jartzeko, eta konplikazio minimoak izaten dira ezarpenean eta jarraipenean.