Bihotz-haustura aurreikusteko gakoak bildu ditu Aitor Jimenez kardiologoak EHUn aurkezturiko tesi batean

Bihotz-haustura baten irudia
Aitor Jimenez/EHU
Actualizado: miércoles, 4 enero 2012 10:48

BILBO, 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bihotz-haustura miokardioko infartu akutuaren konplikazio bat da, ezohikoa bezain hilgarria, eta Aitor Jimenez kardiologoak haren arrisku-faktoreak bildu ditu, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) aurkeztutako tesian.

Guztira 110 bihotz-haustura kasu bildu eta deskribatu ditu Jimenezek, 22 urtez (1978-2000) Gurutzetako Ospitalean bereganatu dituen datuei esker. Gai horri buruz deskribatu den serie anatomiko zabalenetako bat da, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.

Miokardioko infartu akutuaren konplikazio larriena da bihotz-haustura; ezohikoa da, baina, gertatzen denean, hilgarria da ia beti. Horrenbestez, nahiz eta zaila izan, badirudi sendatzea baino errazagoa izan daitekeela hari aurrea hartzea. Jimenezen azterketari esker, bihotz-hausturaren arrisku-faktore batzuk identifikatu dituzte, "neurri batean konplikazio hori aurreikusteko eta hari zehatzago behatzeko".

EHUn defendatu du tesia, eta izenburu hau du: "Rotura cardiaca en el infarto agudo de miocardio. Correlación clínica y patológica" (Bihotz-haustura miokardioko infartu akutuan. Korrelazio kliniko eta patologikoa).

Bihotz-haustura gertatzen den kasuetan, bihotzekoa izan eta hirugarren egunean (mediana) gertatu ohi da. Infartua gertatu den pareta urratu egiten da, eta odola borborka ateratzen da bentrikulutik perikardiora. Perikardioak ezin dio eutsi halako odol-jarioari, eta bihotza konprimitu, eta buxadura eragin eta geldiarazi egiten du azkenean.

Jimenezek aztertu dituen bihotzeko guztien artean, bihotz-hausturaren intzidentzia-tasa %1,5 baino ez da, baina bihotzekoa izan eta hil egin diren gaixoak bakarrik kontuan hartuz gero, bihotz-hausturak heriotza eragiten du kasuen %29an. Izan ere, Jimenezek azaldu duen bezala, konplikazio honen eragina berehalakoa da.

"Gertatu eta 20 minutuan hiltzen da gaixoa. Diagnostikoa egiten duzu, baina ia ez duzu ezertarako aukerarik. Gurutzetako Ospitalean badugu protokolo bat, oso muturrekoa. Kontua zera da: bihotz-haustura gerta daitekeela uste denean, gaixoaren toraxa in situ irekitzea, eta zuloa atzamarrarekin ixten saiatzea. Horrela ere ia ez genuen lortu haustura akutua zuen gaixorik salbatzea", azaldu du.

Haustura subakutuen kasuan, gaixoak eutsi egiten dio ordubetez gutxienez, baina nahiz eta batzuetan tarte horretan ebakuntza egitea lortzen den, konta ahalak dira bizirik atera direnak, anekdota hutsa. Jimenezen azterketan, biziraute-kasu bakarra ageri da haustura akutuari dagokionez, eta bizpahiru subakutuan. Datuok erakusten dutenez, azkar erantzutea ez da nahikoa. Horrenbestez, aurrez erantzuteari ematen dio garrantzia tesiak; alerta-seinaleak irakurtzen ikasteari, bihotz-haustura bera gertatu baino lehen ekiteko.

Seinaleon arabera, bihotz-hausturak maizago eragiten die pertsona adinekoei, emakumezkoei, arteria-hipertentsioaren aurrekariak dituztenei, eta diabeteari, gutxiegitasun kardiakoari eta kardiopatia iskemikoari (angina edo infartua) dagokionez aurrekaririk ez dutenei.

OSPITALERA BERANDU

Ospitalera berandu joatea da arrisku-faktore nagusietako bat. Nahiz eta bihotz-hausturan bukatzen den bihotzekoa beste edozein bezain sintomatikoa eta mingarria izan, gaixo horiek beranduago joaten dira larrialdi-zerbitzuetara, horretarako arrazoi zehatzik ez badago ere. Sintomak gutxiesten dituztelako, edo beste edozeri egozten dizkiotelako", dio Jimenezek.

"Gutxitan gertatzen bada ere, gaixo batek bihotzekoa izaten badu, pasatzen bazaio eta dagoeneko perikarditisa duenean, bihotzekoa izan eta 24 ordu geroago, gutxi gorabehera, etortzen bada, haustura-portzentajea oso handia da", azaldu du. Era berean, azpimarratu du bihotz-hausturan bukatzen den bihotzekoaren bilakaera ohi baino onberagoa dela: "Ez dira hain konplikatuak bilakaerari dagokionez, bihotzeko txikiagoak dira", gaineratu du.

Ondorioz, tesiaren emaitzek erakusten dute jarraipen berezia egin behar zaiela bihotzekoa izan eta ospitalera berandu iritsi diren gaixoei, batez ere emakumeak edota adinekoak badira.

Beste xehetasun bat ere aipatu du Jimenezek: "Kasuen heren batean besterik ez da gertatzen; baina garrantzitsua da begiratzea ea, bihotzekoaren bilakaeran, gaixoari sosegu falta sumatzen zaion, kausarik edo minik gabeko egonezina duen, edo goragalea daukan. 24 ordu igarota oka aritzeko joerari eustea (aurreneko orduetan normala da) da bihotz-hausturari lotu ohi zaion faktoreetako bat".

Kasu horietan, ikertzailearen ustez, zorrotza izan behar da, eta botika prebentiboak aplikatu (ACE inhibitzaileak edo betablokeatzaileak), bai eta ekokardiografia bidezko jarraipen zehatzagoa egin ere.

Gurutzetako Ospitalean neurri horiek aplikatu egiten dituzte jada. Dena dela, Jimenezek ohartarazi du gaur egun ez dagoela horien eraginkortasuna egiaztatzerik. "Ez dugu haustura saihesten dutela frogatzen duen ezer. Ez dago ikerketa askorik; intzidentzia txikiko patologia da, hilkortasun handia du eta ez da aurreikusten. Baina konplikazio hori izateko arrisku handiena izan dezaketen kasuak ezagutzen baditugu, garrantzitsua da horiei jarraipen zorrotzagoa egitea", azaldu du.

EGILEA

Aitor Jimenez Elorza (Bilbo, 1968) Medikuntzan eta Kirurgia Orokorrean lizentziaduna da, eta Kardiologian du espezialitatea. Enrique Molinero de Miguelen zuzendaritzapean idatzi du tesia; EHUko Patologia Medikoko katedraduna da Molinero, eta Basurtuko Ospitaleko Kardiologia Zerbitzuko buru klinikoa.

Bestalde, EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Medikuntza Sailean defendatu du Jimenezek tesia. Ikerketari dagokionez, Gurutzetako Ospitaleko Unitate Koronarioan eta Anatomia Patologikoko Zerbitzuan egin du. Gaur egun, Kardiologiako espezialitateko sendagilea da Jimenez, Barakaldoko San Eloy Ospitalean.