Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria ebaluatzeko prozesua arautzen duen Agindua argitaratu da

Actualizado: viernes, 18 marzo 2011 15:28

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren kanpo-ebaluazioa arautzeko oinarriak ezartzen dituen eta 2011ko ebaluazio-zerbitzua eskatzeko epea irekitzen duen Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren Agindua argitaratu da gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Aurten 30 izango dira zerbitzuaz baliatu ahal izango diren erakundeak.

Aginduaren xedea Bikain ziurtagiriaren ebaluazio-prozesua arautzea eta ziurtagiria 2011n eskuratzeko kanpo-ebaluazioaren zerbitzua eskatu nahi duten erakundeei dei egitea da, izena eman dezaten. Kalitate ziurtagiria eskuratzeko kanpo-ebaluazioaren zerbitzu hau eskatu ahal izango dute beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egiten duten entitate publiko eta pribatuek, negozio-unitateek eta entitate handietako lan-zentroek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak jakinarazi duenez.

Aurtengo ekitaldian 30 izango dira, gehienez ere, Bikain kanpo-ebaluazioaren zerbitzuaz baliatu ahal izango diren erakundeak. Hala ere, eskatzaileen kopuruaren arabera, muga hori gainditu ahal izango da, beti ere 40ra iritsi gabe. Deialdi honetatik at geratzen dira Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria 2009an eta 2010ean eskuratua duten erakundeak.

Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria enpresen munduan eta esparru sozio-ekonomikoan hizkuntza-kudeaketa ebaluatu eta egiaztatzeko sistema da, euskararen erabilera arian-arian normalizatzeko helburuz egina.

Gaur argitaratu den Aginduak arautzen duen sistemak hizkuntza-kudeaketa ebaluatu eta egiaztatzeko marko sistematiko eta estandarra eskaini nahi du, gaur egun kudeaketa, lan-segurtasuna edota ingurunearen zaintza egiaztatzeko indarrean dauden sistemek erabiltzen dituzten irizpide eta parametroen antzera.

Horrela, hizkuntza-kudeaketak enpresetan nagusi den eredu horren ildoari jarraitu behar diola iritzita, eredu estandar hori egokitzera jo da, hain zuzen, sinplifikatu eta esparru honetara dimentsionatzera, hartara lan-modu arin, egingarri eta eraginkorra sortzeko, ahal den erakunde nahiz enpresa gehienetan euskarak duen presentzia eta erabilera maila zenbaterainokoa den objektibatzeko aukera emango duena.

Egitasmo honek Confebask, Adegi, Cebek eta SEA enpresarien elkarteen eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren bermea ere jaso du, bai eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien eta Eudelen oniritzia ere, arestian aurkeztutako Artezkaritza Kontseilua eta Kudeaketa Batzorde Eragilean partaide diren aldetik.

EBALUATZEN DIREN EDUKIAK

Euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketaren garapen-maila zenbaterainokoa den neurtzeko, ebaluazioaren moldea hobetsi da auditoriaren aurretik. Horrek berekin dakar, besteak beste, ebaluatua den erakundeak bere indargune eta zer hobetuen deskribapenaz gain, aurrera egiten lagunduko dioten orientabideak ere jasoko dituela kanpoko ebaluatzaile-talde kualifikatu baten eskutik, eta doan.

Horretarako, kanpo-ebaluazioaren zerbitzua eskatu beharko dute erakundeek, gaur argitaratu den Agindu honen bitartez. Ebaluazio-sistemak oinarrian duen edukia Erreferentzia Marko Estandarra da; honek lau ardatz ditu, eta erakunde jakin bat bisualizatu eta hizkuntza zertan gauzatu ohi den erakusten duen laguntza-koadroa da.

Lehenengo ardatza erakundearen irudia eta komunikazioa da. Erakundeak gizarteari eta herritarrari oro har helarazten dion mezu-irudien multzoa biltzen du, hala nola bere irudi korporatiboa, publizitatea, jendaurreko agerraldiak eta abar.

Bigarren ardatza kanpo harremanak dira. Aurreko ardatzean ez bezala, hemen erakundearekin lotura formala duten kanpo solaskideekiko (bezero, hornitzaile eta abarrekiko) komunikazio-alderdiak bildu dira, solaskideok enpresarentzat ezinbesteko direlarik.

Hirugarren ardatza barne harremanak dira. Erakunde bateko ohiko barneko dinamika gauzatzen duten elementuen multzoa biltzen dira hemen, hala nola pertsonen kudeaketa, lanan kudeaketa, komunikazio horizontal eta bertikala, laneko prestakuntza eta abar.

Azkenik, laugarren ardatza hizkuntza-kudeaketa da. Erakundeak, hizkuntza bere sistematikan integratzeari begira, egituratzen dituen barneko mekanismo edo irizpideen multzoa biltzen ditu. Horren bidez, hizkuntzak erakundean duen errotze- edo integrazio-maila objektibatu nahi da, bai eta etorkizunean izan dezakeen joera ere.

Lehen hiru ardatzetan, erakunde bateko hizkuntza baten erabileraren eta presentziaren berri ematen duten osagaiak modu ordenatuan jasotzen dira. Laugarren ardatzean, berriz, aurreko hiru horietan eragiten duten barne-mekanismo eragileak aztertzen dira.

ZIURTAGIRI-MAILAK

Euskararen erabilera bultzatzen ari diren enpresek garapen-maila desberdina dute. Erabileraren garapen-maila horrek badu zerikusia enpresak kokatuta dauden lurralde historikoarekin (eta bakoitzak duen euskal hiztunen indizearekin) edota azpisektore ekonomikoarekin (hezkuntza, adibidez, erabilera oso areagotua duen azpisektorea da alor honekin egin den hizkuntza-politika medio).

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hasieratik argi izan zuen euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa neurtuko dituen ziurtagiriak ere maila desberdinak izan behar zituela eta eskuragarria izan behar zuela EAEko non-nahiko eta edozein sektoretako edozein erakunderentzat, baldin eta euskaraz egiten bazuen modu ohargarrian eta duinean.

Modu honetan, Kultura Sailak Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria zehaztu du, eta hiru maila egongo dira, bakoitzak bere ziurtagiria duelarik; hain zuzen ere, oinarrizko, tarteko eta goi mailako ziurtagiriak edota bestela esanda, eta beren koloreari erreparatuta, beltza, zilarra eta urrea.

Ziurtagiriaren hiru mailak kanpo-ebaluazioan egiaztatutako euskararen erabilera eta presentziaren neurrikoak izango dira, bai eta entitateak hartutako hizkuntza-neurri eta -irizpideen errotze- eta garapen-mailaren araberakoak ere. Maila bakoitza Erreferentzia Marko Estandarraren elementu bakoitzari egokitutako puntuazioaren batuketaren arabera lortuko da.