Bikain ziurtagiriak hamar urte bete ditu eta Euskadiko 337 entitatek eskuratu dute

Bikain ziurtagiriak hamar urte bete ditu
IREKIA
Actualizado: lunes, 18 junio 2018 13:28

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagirien hamargarren urteurrenean, Eusko Jaurlaritzak ehunka entitatek euskara lan munduan sustatzeko egin duten ahalegina aitortu du astelehen honetan, Donostiako Aquariumen egindako ekitaldi batean. Hamarkada honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 337 entitatek eskuratu dute ziurtagiriren bat.

Ekitaldian, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskara lan munduan sustatzeko ehunka entitatek egin duten ahalegina aitortu du, eta norabide horretan pauso berriak ematearen garrantzia nabarmendu du.

"Lan munduan lehendabiziko pausoak ematen ari diren belaunaldi berrien artean inoizko euskal hiztunen kopururik handiena dugu gaur. Erronka handi bat daukagu hor, bai eta aukera itzela ere. Administrazio publikook eta enpresek elkarrekin lan egin behar dugu testuinguru berri horretan euskarak pisu irabaz dezan", adierazi du.

Ekitaldian, euskara lan munduan sustatzeko administraziotik egiten ari den ahaleginaz hitz egin du Zupiriak, eta azaldu du EAEko "mila entitate baino gehiagoren atea" joko dutela Bikain ziurtagirien proiektuarekin bat egin dezaten.

Sailburuarekin batera izan dira Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Josune Zabala Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria eta euskara lan munduan txertatzeko ahalegina egin duten zenbait enpresa eta erakundetako ordezkariak, hala nola Esther Irigaray Gipuzkoako Ozeanografia Fundaziokoa eta Aquariumeko zuzendari nagusia, Lore Erriondo EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea eta Miren Berasategi EIKA enpresako kalitate zuzendaria. Hirurek azaldu dute nola kokatu zuten euskara zeharlerro gisa euren erakundeetan.

Zupiriak azaldu duenez, azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, EAEko herritarren %25,3k erabiltzen dute euskara era trinkoan lankideekin (gaztelania beste edo gehiago). "Datu positiboa da, baina uste dugu hobetu daitekeela konpromisoak eta ahaleginak bateratzen jarraitzeko gai badugu", gaineratu du.

Halaber, ziurtatu du azken urteotako esperientziak eta Bikain ziurtagirien proiektuak erakutsi dutela enpresa eta entitate pribatuen euskararen aldeko apustuak "sekulako ahalmena" duela euskararen erabilera lan munduan indartzeko.

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak "ahalegin handia" egiten duela enpresei laguntzeko euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan sustatzeko lanean. Hartara, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2,6 milioi euro inbertituko ditu aurten euskara lan munduan sustatzeko.

BIKAIN

Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak hamar urte bete ditu esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia, erabilera eta hizkuntza kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatuz, eta, "ikusi ahal izan den bezala, oso tresna eraginkorra izan da hori aitortzeko". Iaz, gainera, ziurtagiria lortzeko exijentzia maila igo egin zen, eta honek erakunde publiko eta pribatuek euskarekiko duten konpromisoa are gehiago nabarmendu du.

Hamar urteotan euskararen erabilera areagotu nahi izan duten erakunde publiko eta pribatuei ekarpen kualifikatuak egin dizkie Bikain ziurtagiriak, bai eta erakundeek euskararen normalizazioan egindako lana aitortu ere. Guztira, 367 ziurtagiri banatu dira EAEko 337 entitate publiko eta pribaturen artean (entitate batzuek ziurtagiri bat baino gehiago dute), guztira 68.000 langile ordezkatuz.

Zupiriaren hitzetan, urtetik urtera hazten doa euskararen hautu estrategikoa egin duten entitateen komunitatea. Bere hitzetan, "Bikain ziurtagiria eskuratu duten erakundeek euskara bikaintasunarekin lotzea ahalbidetu dute, euskal komunitatea sendotuz eta etengabeko hobekuntzari bide emanez".

Azaldu duenez, iaz aldaketa batzuk sartu zituzten Bikain entitate publikoen artean zabal zedin, eta oraindik ere bada erronka nagusietako bat (60 entitate publikok dute Bikain). Horrekin batera, sektore gehiagotara hedatu nahi dute Bikainen aldeko apustua, euskararen aldeko apustua, hala nola turismoarena, merkataritzarena edota teknologia berriena.

Hamarkada honetako ibilbidea ikustarazteko zabalkunde-estrategia baten barnean bideo eta dossierra egin dira, EAEko mila erakunde publiko eta pribatuetara hedatuz. Horrez gain, #Bikain10urte traola sortu da, sareetan ere bideoa zabalduz.

Eusko Jaurlaritzak 2008an sortutako ziurtagiri ofiziala da Bikain, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kudeatzen du, eta eginkizun horretan hasieratik izan du Artezkaritza Kontseilua osatzen duten erakunde hauen atxikipena: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiak, Eudel Euskal Udalen Elkartea, Euskal Enpresarien Konfederakuntza (Confebask), Gipuzkoako Enpresarien Elkartea (Adegi), Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa (Cebek), Arabako Enpresariak (SEA) eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa.

Bikain publikoa eta doakoa da, eta kalitatezko euskararen bermea da. Ziurtagiria lortu nahi duten erakunde publiko zein pribatuek ebaluazioa jaso eta gainditu behar dute, eta, lortutako emaitzaren arabera, hiru maila ezberdinetako ziurtagiria jaso dezakete: oinarrizko maila (Beltza) gutxienez 200 puntu lortu dituztenek (1.000 puntutik); tarteko maila (Zilarrezkoa), gutxienez 500 puntu lortu dituztenek; eta goi maila (Urrezkoa), gutxienez 800 puntu lortzen dituzten erakundeek.