Bikoiztu egin da R. M. Azkue Literatur Sarietako partaidetza

Lehiaketaren arduradunak eta idazle gazte sarituak
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 22 marzo 2017 12:11

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Gorka Martínez BBK Fundazioko buruak 2016ko Resurreccion Maria Azkue Literatur Sariak banatu dituzte asteazken honetan Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. 2015eko edizioarekin alderatuta, bikoiztu egin da 2016ko sarietako partaidetza, eta epaileek "lanen kalitatea eta tonu berritzailea" nabarmendu dute.

A mailan (10 eta 13 urte bitarteko gazteen saila) Lohizune Telletxea, narrazioan, eta Izar Arronategi, poesian, gailendu dira, eta B mailan (14 eta 17 urte bitartekoak) Peru Amorrortu eta Lide Mikele. Oiartzun, Ziburu, Irun, Gernika-Lumo, Azpeitia, Ondarroa, Gasteiz, Beasain, Altsasu eta Mungiakoak dira aurten nabarmendu diren idazle gazteak.

Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak 1991tik antolatzen dituzten R. M. Azkue Literatur Sarien helburua da idazle gazteak literatura mundura erakartzea, ekitaldian gogoratu dutenez.

Urtero bezala, aurten ere literaturako pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, betiere Akademiak izendatuta. Hauek izan dira aurtengo epaimahaiko kideak: A mailan, Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni, eta B mailan, Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta.

Beste behin, epaileek lanen kalitatea azpimarratu dute, eta, horrez gain, idazle gazteek "berritzaile izateko duten gogoa" ere nabarmendu dute. Gainera, 2016an bikoiztu egin da partaidetza: 2015ean 88 ikasle baziren, 2016an 175 lagunek parte hartu dute literatur lehiaketan.