Biktimaren irudi intimoak zabaltzeko mehatxuarekin Internet bidezko estortsioak igo direla ohartarazi du Ertzaintzak

Actualizado: jueves, 15 octubre 2015 11:39

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Ertzaintzak hauteman du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gora egin dute azken hilabeteetan estortsio ekonomikoko delituengatiko salaketek, hau da, biktimaren irudi intimoak edo eduki sexualekoak zabaltzeko mehatxupean dirua eskatzen dutenak. Ziberdelitu hori, "sextortsio" izenez ere ezagutua, 20 eta 30 urte bitarteko gizon-emakumeei eragiten die bereziki, eta Ertzaintzak aurrez neurriak hartzea gomendatzen du, sare sozialetan ezezagunekin erlazionatzeko garaian edota irudi intimoak nahiz eduki sexualekoak zabaltzerakoan.

   Ertzaintzak jakinarazi duenez, delitu modalitate berria ez bada ere, orotara 22 salaketa jaso ditu Euskadi osoan azken hilabeteetan, eta horien erdiak Bilboko ertzain etxean jaso dira. 22 salaketa horietatik, 11 irailean jaso ziren.

   Biktimak sare sozialen batean ezezagun baten lagun izateko eskaera onartzen duenean hasten da delitua. Estortsiogile bat izan liteke, eta talde antolatu baten barruan aritu. Biktimaren uste ona bereganatu eta haren kontaktu zerrenda eskuratu ondoren, harremanak aurrera egiten du, bideodei bidez edo Skype bidez komunikatu arte. Estortsiogileen aldetik, biktima biluzteko edo jarduera sexual bat edo beste egiteko konbentzitzen duen emakume bat agertzen da.

   Behin irudi horiek lortu dituztenean, 1.000-2.000 euro artean eskatzen dituzte irudiok ez argitaratzearen truke. Larderia larritzeko, estortsiogileek grabazioaren zati batzuk erakusten dizkiote biktimari; zenbaitetan, kaltetutako pertsonaren lagunartean zabaldu izan dituzte.

   Ertzaintzak delitu horiek ikertzen ditu, eta, hauteman duenez, Boli Kosta edo Maroko moduko herrialdeetan egon ohi dira delitugileek erabilitako zerbitzari informatikoak. Hala ere, horrek ez du esan nahi ezinbestean hor daudela egileak.

   Halako delituen biktima ez izateko, arretaz aritzea gomendatzen du Ertzaintzak, ezezagunekin sare sozialetan erlazionatzeko garaian eta irudi intimoak edo eduki sexualekoak grabatzean.