Biktimen Erreparaziorako Legea nazioarteko zuzenbidearekin bat datorrela dio Salviolik

Fabian Salviolik Urkulluri aurkeztu dio txostena
IREKIA
Actualizado: lunes, 24 abril 2017 12:01

GASTEIZ, 24 (EUROPA PRESS)

Fabian Salvioli Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Batzordeko presidente ohiak txosten bat aurkeztu du astelehen honetan Lehendakaritzan. Txostenaren arabera, Biktimen Erreparaziorako Euskadiko 12/2016 Legeak "giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea eta nazioarteko erakundeen araudiak betetzen ditu biktimen erreparazioaren gaian".

Eusko Jaurlaritzak antolatutako jardunaldi batean azaldu du Salviolik txostenaren edukia. Lege hori nazioarteko oinarrietan nola txertatzen den aztertu da jardunaldian. Besteak beste, Arartekoak, Euskadiko hiru unibertsitateak eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusiak parte hartu dute.

Fernandezek berretsi du Biktimen Erreparaziorako Legea "nazioarteko zuzenbidearekin bat" datorrela, eta "giza eskubideen urraketen biktima guztien erreparazioaren bidea elkarrekin egitea" eskaini dio Espainiako Gobernuari.

Jardunaldia hasi baino lehen, 09:00etan, Fabian Salvioli Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin elkartu da "Polizia abusuen biktimen legea" deitutakoaz egin duen azterlanean ateratako ondorioak aurkezteko.

Lehenik eta behin, txostenak nazioarteko zuzenbidean legea nola txertatzen den aztertzen du. "12/2016 Legea nazioarteko zuzenbideak, nazioarteko babes erakundeek eta giza eskubideen urraketen biktimen erreparazioko gaietan ondutako estandarrek zehaztutako noranzkoan doa bere osotasunean", dio azterlenak.

LEGEAREN XEDEA

Bigarren atalean, legearen xedea eta helburua aztertzen dira eta, "azterketa teleologikoa eginez", ondorioztatu du bat datorrela "nazioarteko araudi eta erabakiekin". Halaber, legea abian jarriz erreparatu nahi diren giza eskubideen urraketei buruz, nazioarteko jurisprudentzia dagoela eta harekin bat egiten duela dio.

Gainera, 12/2016 Legeak ezarritako jurisdikzio, denbora esparru, pertsona onuradun, ekintzarako printzipio eta prozedurei dagokienez, txostenak dio nazioarteko erakundeek erreparazio gaietan erabakitako araudi eta ebazpen guztiak betetzen dituela.

Halaber, legeak aurreikusitako erreparazio neurriei dagokienez, NBEko Giza Eskubideen Batzordeko presidente ohiak adierazi du botere publikoen ordain neurriak indarrean sartzeko orduan eta legeak xedetzat duen prozedura espezifikoan (kalte ordainak eta errehabilitazioa), "lagungarriak" direla egiarako eskubidea bete dadin. Gainera, gaineratu du neurri horiek bat datozela "erreparazio osoarekin", eta hori dela, hain zuzen, "giza eskubideen urraketei heltzeko printzipio gailena mundu osoko zein eskualdeko jurisprudentzia iraunkorraren arabera".

Bukatzeko, Salvioliren txostenak ondorioztatu duenez, "salbuespenik gabe erabat indarrean sartuta, ez dago zalantzarik 12/2016 Legeak, bere xede eta helburuaz behar bezala aplikatzean, giza eskubideen gaineko Estatuaren betebeharrak ikuskatzen dituzten nazioarteko erakundeen
balorazio oso ona jasoko du".