Bilbao Arenak 450.000tik gora lagun hartu ditu 2010eko irailean inauguratu zenetik

Bilbao Arena
Foto: Bizkaia Bilbao Basket
Actualizado: lunes, 16 enero 2012 13:12

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Bilbao Arenak "Europako erreferente" bilakatzea lortu du 2010eko irailean ofizialki inauguratu zenetik, kirolaren eremuan ez ezik, ikuskizunaren industrian, kontzertuetan, 'family show'-etan eta ekitaldi handietan. Horrela, abendura bitartean, Bilbao Arenak 450.000 pertsona baino gehiago hartu ditu bere eserlekuetan.

   Miribillako esparruak, Gescrap Bizkaia Bilbao Basket taldearen egoitza ofiziala izateaz gain, egokitze-ahalmen handia erakutsi du, instalazioaren funtzionaltasunean eta aldakortasunean oinarrituta, zeren eta, goi mailako kirol ekitaldiak hartzeaz gain, aisialdiaren eta kulturaren eremuko saioak ere hartu baititzake, gero eta ikusle gehiago erakarriz.

   Horrela, 2010eko irailetik 2011ko abendura arte, besteak beste, ACB Ligako eta Euroligako partidak, Tenis Masterra, "La Magia de Disney" eta "El Mundo Mágico de Clan" ikuskizunak, Marea eta Maldita Nerea taldeen kontzertuak, eta gizarte ekitaldiak izan dira Bilbao Arenan.

   Bilbao Ekintzak, urtarrilaren 2tik Miribillako esparrua kudeatzen duenez, helburu estrategiko hau ezarri du 2012rako: Bilbao Arena herritarren zerbitzuan jarritako erabilera anitzeko esparru bezala sendotzea, jarduerak erakartzeko eta inpaktu ekonomikoa sortzeko asmoarekin.

   Aurtengo lehen hiruhilekorako berretsita dagoen programazioak aurrera egiten du norabide horretan. Horrela, Gescrap Bizkaia Bilbao Basketen sasoiko partidez gain, ekitaldi hauek daude aurreikusita aldi honetarako: urtarrilaren 18tik 22ra, Cirque du Soleil izango da Bilbao Arenan, "Alegría" ikuskizuna eskainiz; otsailean, Juan Magan DJ elektrolatino ospetsuak musikaz beteko du Miribillako esparrua; martxoan, Estopa eta El Barrio taldeen kontzertuak eta "Cantajuego" ikuskizuna izango dira, DJ onenak eta "tech-house" panoramaren jai garrantzitsuenak bilduko dituen Electroextatika Musika Elektronikoaren Jaialdi batekin batera.

   Era horretan, Bilbao Arenako lehiaketako kirol jardueren egutegia kalitatezko kultur eta aisialdi programazio batekin indartuko da, adin eta zaletasun mota guztietako ikusleen eskariei erantzunez. Miribillako esparruak kartel erakargarria izan nahi du, denbora luzez mantentzen den eta publikoarentzat gustukoa den askotariko eskaintza batez, erabilerarako aukera asko eskaintzen dituen instalazio hori errentabilizatzeaz batera. Adibidez, erdiko pista konbentzio eta afariak egiteko egokitu daiteke, 1.800 pertsona hartzera iritsiz.

BILBAO ARENA CLUB

   Halaber, 2012rako aurreikusita dago Bilbao Arena Cluba indartzea; 750 metro karratu eta 300 pertsona har ditzakeen espazio bat da, aukera eskaintzen duena enpresako aurkezpenak egiteko, bilera eta batzarrak gauzatzeko, topaketa, koktel eta jatordu pribatuak antolatzeko.

   Era horretan, Bilbao Arena Clubak hiriak ekitaldietarako dituen azpiegituren eskaintza osatuko du. Esparru horrek Bilboko bista paregabeak eskaintzen dituen terraza erdi-estalia du, eta, gainera, zuzeneko sarrera du 250 ibilgailuentzako lekua duen aparkaleku propio batera.