Bilbao Arte Sakratua zikloa datorren astelehenean hasiko da, La Ritirata taldearen saioarekin

La Ritirata taldea
JAVIER DIEZ
Actualizado: viernes, 31 marzo 2017 18:00

BILBO, 31 (EUROPA PRESS)

Bilbao Arte Sakratua (BAS) zikloa hasiko da datorren astelehenean, apirilaren 3an, La Ritirata taldeak Gizakunde elizan 20:00etan eskainiko duen emanaldiarekin. La Ritirata interpretazio historikoan espezializatuta dago eta Barroko, Klasizismo eta lehen Erromantizismoko errepertorioak interpretatzen ditu, Josetxu Obregonen zuzendaritzapean. Eugenia Boix sopranoa taldearekin batera arituko da kontzertuan.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, BAS zikloaren edizio honetan eskaintzen den programa eliz artearekin eta musika barrokoarekin erlazionatutako kontzertu edo ikuskizunetatik haratago doa. Bilbao 700 Fundazioak "parte hartzaileekin esperientzia eta sentsazio positibo ahaztezinen bidez elkarrekintzan jarduteko prestatutako kontzertuak eta ikuskizunak aurkeztuko ditu".

Gainera, eszenatokiak ere zikloaren protagonista izango dira, Gizakunde elizak eta Bilboko Eliz Museoak Atxurin osatzen duten monumentu multzoa hiriaren hasierako oinarriak izan zireneko kokaleku historikoan baitago.

Guztira, apirilaren 3tik 8ra bitartean bost ikuskizun antolatu dira: La Ritirata (apirilak 3), Nordic Voices taldearen a capella musika (apirilak 4), "Nao d'Amoresen Misterio del Cristo de los Gascones" ikuskizuna (apirika 5), Bilbao 700 Fundazioaren "Maitasunez eta Argiz" ekoizpena (apirilak 6 eta 8), Bilboko Eliz Museoko klaustroan izango diren komentu eszenak (apirilak 7) eta Iter Luminis zeremonia musikal eta poetikoa (apirilak 8).