Bilbao BBK Live jaialdiko Bereziak zikloak egitaraua osatu du

Solea Morente Bereziak zikloan ariko da
BILBAO BBK LIVE
Actualizado: jueves, 30 junio 2016 12:20

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Bilbao BBK Live jaialdiak Bereziak zikloaren programazioa osatu du, jaialdia ospatzen den egunetan (uztailaren 7, 8 eta 9an) herritar guztiei zuzenduta izango diren jarduera eta kontzertuekin. Ziklo horren bidez, jaialdia hiriaren bihotzera hurbiltzen da urtero, Kobetamendin izaten den giroa haratago zabalduz, jaialdiaren antolatzaileek adierazi dutenez.

Horrela, dagoeneko iragarrita zegoen bezala, Bilboko Koral Elkarteak emanaldi bat eskainiko du Campos antzokian uztailaren 5ean. Gainera, uztailaren 7an ezusteko kontzertu bat izango da BBK Aretoaren parean, Kale Nagusian, 13.30ean, azken urteetan egin den moduan.

Halaber, uztailaren 8an eta 9an, egunero lau talde izango dira Bilboko kaleak musikaz betetzen, guztiak ere egungo indie onenaren ordezkariak. Zortzi talde horietatik sei jaialdiaren egitarauan daude, eta gainerako biek kontzertu akustiko bana eskainiko dute.

Hala, uztailaren 8an, Nudozurdo (Erribera), John Berkhout (Areatza) eta Solea Morente (Albia lorategia) ariko dira. Egun horretako kontzertu akustikoa Havoc taldeak eskainiko du Residence aretoan. Biharamunean, uztailaren 9an, McEnroe (Erribera), Leon Benavente (Areatza) eta Juventud Juche (Albia lorategia) taldeen kantak entzuteko aukera izango da. Gainera, Santi Camposek kontzertu akustikoa eskainiko du Singular tabernan.

Bestalde, haurrek ere Bilbao BBK Live Bereziak zikloaz gozatzeko aukera izango dute, Play'n'Kids taldearen laguntzari esker. Horrela, iztailaren 9an haurrentzako animazioa egongo da Areatzan: gynkanak, sariak eta tailerrak. Gainera, piknik gune bat eta agertoki bat jarriko dira. Agertoki horretatik igaroko dira Billy Boom Band rock taldea, Futuramix DJa eta Lindy Hop.

Azkenik, Bilbao BBK Live Bereziak zikloa Marzana tabernako terrazatik ere igaroko da. Bertan, hiriko DJ mitikoek arratsaldeak girotzeko saioak eskainiko dituzte uztailaren 7, 8 eta 9an, 16.00etatik 21.00etara: Deu eta Zarata DJ 7an; Mimoloco eta Las Tea Party 8an; eta Optigan DJ eta Mamba Beat DJ Set 9an.