Bilbao Berrikuntza Garage: enpresen eta industriaren digitalizazioa eta lehiakortasuna hobetzeko zentroa

Ekimenean parte hartzen duten erakundeetako ordezkariak
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 22 julio 2016 12:17

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak, IBMek (NYSE:IBM), BBK-k, Iberdrolak, Euskaltelek, Mondragon Korporazioak eta Deustuko Unibertsitateak Euskadiko enpresen eraldakuntza digitala sustatzeko elkarlanean jardutea eta Bilbao Berrikuntza Garage berrikuntza zentro aurreratua sortzea adostu dute ostiral honetan. Zentroa Errekaldeko Auzo Factoryn kokatuko da, eta Euskadiko enpresen eta industriaren digitalizazioa eta haien lehiakortasuna hobetzea, eta teknologia berrien alorreko enplegu espezializatua sustatzea izango dira bere helburuak.

Ekitaldian izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Marta Martínez IBMren Espainia, Portugal, Grezia eta Israeleko presidentea, Gorka Martínez BBKren zuzendari nagusia, Asis Canales Iberdrolako ordezkari instituzionala, Natxo Molinos Euskalteleko Estrategia zuzendaria, Juan Mari Palencia Mondragon Korporazioko Berrikuntza, Sustapen eta Ezagutzako presidenteordea eta José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektorea.

Azaldu dutenez, 200.000 euro inguruko kapitalarekin eratutako elkartearen eta abian jarriko den zentroaren xedea Euskadiko enpresen eta industriaren digitalizazioa eta haien lehiakortasuna hobetzea da, teknologia berrien alorreko enplegu espezializatua sustatzeaz gain. Ekimen honekin, erakunde sustatzaileek euskal gizartearen berrikuntza teknologikoa bultzatu eta informazioaren teknologia berrien erabileran espezializatutako "enpresen ekosistema" garatu nahi dute.

Bilbao Berrikuntza Garage hurrengo arlo teknologikoetan egongo da espezializatuta: hodeian konputatzea, datuen analitika, 4.0 Industria, Gauzen Internet, mugikortasunerako teknologiak eta sistema kognitiboak -hizkera arrunta ulertu, datu handiak aztertu eta ikasten duten sistemak-. "Teknologia oso berritzaileen sorta horrek erakundeen eraldakuntza digitaleko prozesuan eta negozio eredu berrien ezarpenean balio erantsi handiko ekarpena eskaintzen dute", nabarmendu dute.

Esate baterako, hainbat ikerketaren arabera, eraldaketa digitalak Europako ekonomiaren BPGari 2,5 bilioi euro ekarri ahal izango dizkio 2025ean. Europako Batasunaren txosten baten arabera, adibidez, 'cloud computing' izeneko teknologiak 2020rako Europako ekonomiaren BPG osoari %0,7ko ekarpena egiteko eta 300.000 enpresa berri sortzeko ahalmena dauka.

Zentroa osatzen duten erakundeek, bakoitzaren jarduera eremuan, teknologiak, baliabideak eta ezagutza espezializatua eskainiko dituzte nazioarteko ingurunean berrikuntza alorreko puntako proiektuak sustatzeko, Euskadiko enpresa sarearen irudi berritua emanda eta informazio digitaleko gizarte berrian enpresa berrientzako erakargunea sortuta.

PROIEKTUEN "GARAJEA"

Bilbao Berrikuntza Garage zentroaren jarduera nagusietakoa teknologien "garajea" izatea da, esate baterako, 'big data', 'cloud computing' -besteak beste, Bluemix, negozio eredu berriak eta hodeian aplikazioak garatzeko eta erraz ezartzeko IBM Clouden plataforma-, Gauzen Internet eta soluzio kognitiboak.

Helburua Euskadiko enpresentzat digitalizazioaren inguruko erreferentzia nahiz sozietateez, ekintzaileez eta zentro teknologikoez osatutako ekosistema kokatzeko leku fisikoa sortzea da.

Gainera, aipatutako eremuetan proiektu berritzaileak garatzen lagundu nahi dute, orain dauden sozietateak edo 'start up' berriak babestuta, eta 'Design Thinking' bezalako garatzeko azken metodologiak sustatu nahi dituzte, hau da, bezeroa une orotan kontuan hartzen duten artisau esperientziak garatzeko esparrua.

Zentroak nazioarteko esperientziak eta teknologia berrien ingurukoak zabaltzeko jarduerak antolatu nahi ditu. Gainera, zentroaren jarduera berrikuntzaren sustatzaile gisa agertzeko laguntzen duten argitalpen, hitzaldi eta lehiaketak prestatzeko eta ikerkuntzan nahiz ikasteko beken alorrean unibertsitateekin zein herri erakundeekin lankidetza sustatzeko asmoa dago.