Bilbao-Bizkaia Be Basque Matka Helsinkin izango da lehen aldiz

Stand propioa izango du Bilbao-Bizkaiak
Foto: BIZKAIMEDIA
Actualizado: miércoles, 14 enero 2015 13:31
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sustaturiko Bilbao-Bizkaia Be Basque ekimena lehenengo aldiz izango da Matka Helsinki Europako iparraldeko turismo azoka handian. Hitzordua ostegunetik igandera izango da, eta milaka pertsona bilduko ditu Finlandiako hiriburuan.

   Bilbo-Bizkaian iazko abuztutik iraileko lehen astera bitartean FIBA 2014 Saskibaloiko Munduko Txapelketaren taldeen fasea jokatzean bisitari kopuruan izandako arrakasta handia sendotu nahi dute bi erakundeek.

   "Orduan, milaka finlandiarrek izan zuten Bilbo eta Bizkaiaren bertuteez gozatzeko aukera. Esperientzia horrek kirol ekimena gainditu zuen, eta marea zuriurdin bat zabaldu zen Bilbon zehar. Gaur egun, hilabete batzuk pasa ondoren, oraindik dugu gogoan marea hori", adierazi dute.

   Beraz, Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren helburu nagusia da Bilbo-Bizkaian 11.000 finlandiarrek bizi izandako esperientzia pertsonal hori "salbuespen bat barik etorkizunerako ate ireki bat izatea".

   Bilbao-Bizkaia Be Basque ekimenaren standak esperientzia hori gogorarazteko balioko du, bai eta hiriburuak eta lurralde historikoak bisitariei eskaintzen dizkieten aukera guztiak erakusteko. Stand horretan, elementu hauek dira nabarmentzekoak: Guggenheim museoaren argazki handi bat, lekua hobeto identifikatzeko, eta 63 hazbeteko pantaila handia bat, erreferente turistikoen irudiak proiektatuko dituena. Sei metroko mostradore zabal batek eta bileretarako mahai batek osatzen dute Bilbao-Bizkaia Be Basque ekimenaren presentzia Helsinkiko azokan.

   Bilbo eta Bizkaiaren presentziari babesa emateko, bertoko ordezkari batzuk izango dira Finlandian, hala nola Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatua eta Mercedes Rodríguez Bilbao Turismo udal sozietateko zuzendaria.

   Azken urteetan, atzerriko turisten portzentajeak gora egin du eta, sarrera eta ostatu gauei buruzko datu estatistikoen arabera, 2013an 411.641 turista etorri ziren Bizkaira Estatutik kanpo, eta 2014an gainditu egingo da kopuru hori, azarora arte 399.674 bisitari izan baitziren.

   2013an, atzerritar guztietatik 2.921 finlandiarrak izan ziren, eta 2014ko azarora arte, 6.884 finlandiarrak izan ziren, Bizkaiko hotelen inkestaren datuen arabera. Kontuan hartzen bada beste mila batzuek Gipuzkoan eta Araban hartu zutela ostatua, 2014an, abenduko datuak izan gabe, 9.487 bisitari finlandiar etorri ziren Euskal Autonomia Erkidegora.

MATKA HELSINKI

   Bidaiei buruzko azokek tradizio handia dute Finlandian. Lehenengoa 1936. urtean egin zen, eta garraiobideei buruzkoa izan zen, bereziki itsas garraiobideei buruzkoa. Gerora, 1979an egin zen bidaia antolatuei buruzko lehenengo azoka, jende guztiari zuzendua, dagoeneko jendea hasita baitzegoen hegazkinak erabiltzen turismo lekuetara joateko.

   1987tik hona, sektore honetako ekimen hau, Matka izenekoa, Helsinkiko Messukeskus zentroan egiten da, eta Europako iparraldeko turismo azoka nagusia da. Azoka urtarrilean izaten da, zero azpiko tenperaturak izaten direnean; hori dela eta, urte turistikoaren irekiera ofizialtzat hartzen da milaka pertsona erakartzen dituen azoka hau.

   Aurtengo edizioan, bidaietan espezializatutako 300 blogari bilduko ditu azokak; blogariak eragin handiko kolektibo bihurtu dira, turismo lekuen sustatzaile handia baitira Interneten. Jarraitzaile askok hartzen dituzte kontuan haien kritika eta balorazioak sare sozialetan eta haien web orrietan, non beren esperientzia pertsonalak partekatu eta beren bidaien berri ematen duten.

   Ostegunean, urtarrilaren 15ean, Matka Helsinki erreserbatuta dago sektoreko profesional, agentzia eta operadoreentzat, eta egun horretan haientzat baino ez da izango azokako standetako langileen arreta guztia. Gero, ostiraletik igandera, profesionalek eta publikoak aukera izango dute elkarrekin gozatzeko munduko turismo leku nagusiak ezagutarazten dituen azoka handiaz.