Bilbao-Bizkaia marka sustatuko da Bruselan otsailaren 24an

Actualizado: jueves, 17 febrero 2011 19:27

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak elkarlanean jarraitzen dute Bilbo eta Bizkaiaren sustapen ekonomiko eta turistikoa egiten, eta Madrilen urtarrilean egin ziren ekitaldien ondoren, orain beste eremu batzuetara zabalduko dute Bilbao-Bizkaia (BI2) marka, Europara, hain zuzen ere. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariak Bruselara joango dira otsailaren 24an, Gabino Martinez de Arenaza Turismoa Sustatzeko foru zuzendaria eta Isabel Sanchez Turismo eta Jaietako zinegotzia buru direla.

Bilbao-Bizkaia markak Belgikako turismo-sektorea erakarri nahi du, bai eta Europar Batasunaren egoitza administratiboa den Bruselako pertsonalitate garrantzitsuak ere. Horretarako, Bilbao-Bizkaia markako ordezkariek 'workshop' bat eskainiko dute Brussels Airlines-en egoitzan. Lantegi horretan, Belgikako turismo-industriako profesionalek aukera izango dute Bizkaiko eskaintza ezagutzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiko iturrien arabera, lan egiteko modu horri esker, errazagoa izango da merkataritza-trukea egitea Europako hiriburuarekin. Ardoa eta Bizkaiko sukaldaritza -gero eta baloratuago nazioartean- dastatuko dira; hala osatuko da lan-jardunaldia. Brussels Airlines-en egoitzan, Bizkaiko txakolina eta Errioxako ardoa dastatuko dira eta Bizkaiko lau sukaldari ospetsuk bazkaria prestatuko dute.

Otsailaren 24ko jardunaldia amaitzeko afari bat antolatu da Komikiaren Museoan. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatutako ekitaldi honetara, Belgikako arlo ekonomiko, politiko eta sozialeko hainbat pertsona garrantzitsu bertaratuko dira. Afarira, Europar Parlamentuko ordezkariak eta Bilbao-Bizkaia markaren sustatzaile izan daitezkeen pertsonak joango dira. Ekitaldi honen bidez, Bilbao-Bizkaia markak bereziki azpimarratu nahi du enpresa-sustapenaren eta biltzar zein bidaien bidezko sustapenaren garrantzia.