Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 6-14 urtekoentzako marrazki lehiaketa antolatu du

Actualizado: martes, 7 abril 2015 13:28

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak umeentzako marrazki lehiaketa bat jarri du abian, lehenengo aldiz, 6 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Lehiaketaren helburuak dira, batetik, uraren garrantziari buruzko sentsibilizazioa zabaltzea, eta, bestetik, urari buruzko nolako ikuspegia duten ezagutzea.

   Parte hartu nahi dutenek apirilaren 30era arte bidal ditzakete euren lanak, honako goiburuarekin hauekin: "Nik ura bizi dut, nik ura zaintzen dut, nik ura errespetatzen dut". Parte hartzaile bakoitzak marrazki bakarra aurkeztu dezake, teknika librean, A4 formatuan eta euskarri digitalean igorriz (pdf, tiff edo jpg), 300 ppp-ko bereizmenarekin, gutxienez. Helbide elektroniko honetara bidali behar dira lanak: dibujos@consorciodeaguas.com

   Aurkeztutako marrazki guztiak aztertu ostean, epaimahaiak maila bakoitzeko hiru finalista hautatuko ditu (6 eta 8 urte bitartekoak, 9 eta 11 urte bitartekoak, eta 12 eta 14 urte bitartekoak), maiatzean zehar. Irabazleek ekainaren 7an jasoko dituzte sariak, Uraren Jaiaren barruan, hau da, erakundeak urtero egiten duen jaian, Beteluriko Edateko Uren Tratamendutegiko landetan.

   Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak jakinarazi duenez, sariak honako hauek dira: lehenengoarentzat tableta bat, eta, bigarren eta hirugarren sailkatutakoentzat, jolas digitalak. Horrez gain, domina bat eta "Itsasadarraren magia" erakusketa ikusteko sarrerak jasoko dituzte.

   Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egingo da erakusketa hori, maiatzaren 28tik aurrera, eta, ikus-entzunezkoen bidez eta modu interaktiboan, errepasoa egingo dio Bilboko itsasadarrak azken 35 urteotan izan duen eraldaketari. Izan ere, itsasadarra eraldatu egin da Ur Partzuegoak garatutako saneamendu plan osoari esker; EAEn egindako ingurugmen proiektu garrantzitsuena da, 1.000 milioi eurotik gorako inbertsioarekin.