Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Haurrentzako III. Marrazketa Lehiaketa antolatu du

Umeentzako marrazki lehiaketa antolatu du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak
BILBAO BIZKAIA UR PARTZUERGOA
Actualizado: lunes, 20 marzo 2017 14:17

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Haurrentzako Marrazki Lehiaketaren hirugarren edizioan parte hartzeko deia egin du. Lehiaketa 6 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta aurten helburua da haurrak saneamenduaren garrantziaren gainean sentsibilizatzea, "hondakin urak araztea zinez garrantzitsua baita lurraren jasangarritasuna bermatzeko eta pertsonen osasuna zaintzeko".

Parte hartu nahi duten haurrek apirilaren 30era bitartean bidali ahalko dituzte marrazkiak lelo hauetako batekin batera: "Nik ura berrerabiltzen dut" eta "Nik ez dut ura kutsatzen". Modu horretan, uretan edo ura berrerabiliz egin daitezkeen askotariko jarduerei modu positiboan erantzun nahi zaie, ura zaintzeko eta ez kaltetzeko moduak azalduz.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak jakinarazi duenez, parte hartzaile bakoitzak marrazki bat aurkeztu ahal izango du, A4 formatuan. Marrazteko edozein teknika erabili ahal izango da, baina marrazkiak formatu digitalean bidali beharko dira (pdf, tiff edo jpg), 300 ppp-ko gutxieneko bereizmenarekin, dibujos@consorciodeaguas.eus helbide elektronikora.

Aurtengo gaia "Hondakin urak" da, eta bat dator Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2017ko Uraren Nazioarteko Eguna -asteazken honetan- ospatzeko aukeratu duen gaiarekin. Izan ere, oro har, hondakin uren %80 baino gehiago ekosistemara itzultzen da berrerabili edo tratatua izan gabe. 1.800 milioi pertsonek hondakinekin kutsatutako edateko ur iturriak erabiltzen dituzte, hainbat gaixotasun hartzeko arriskuarekin, besteak beste, kolera, disenteria, sukar tifoidea edo poliomielitisa. Horrek 842.000 hildako inguru eragiten ditu urtean.

Lehiaketara aurkezten diren marrazki guztien artean epaimahaiak kategoria bakoitzeko (6 eta 8 urte artekoak, 9 eta 11 urte artekoak eta 12 eta 14 urte artekoak) hiru finalista hautatuko ditu maiatzean. Irabazleek ekainaren 4an jaso ahal izango dituzte sariak, erakundeak Arrigorriagako Beteluriko tratamendutegiko zelaietan urtero ospatzen duen Uraren Jaian.

Lehenengo saria lortzen dutenek tableta bat irabaziko dute, eta beste bi finalistek joko digitalak, dominak eta beste material didaktiko batzuk. Horrez gain, aurkezten diren marrazki guztiak erakundearen webgunean jarriko dira ikusgai, herritarrei haurrek ezinbesteko baliabide honen gainean duten ikuspegia eskaintzeko, eta ura zentzuz erabiltzeko eta zaintzeko konpromisoaren inguruan hausnartzeko gonbidapena luzatzeko.