Bilbao Hiria 23. Pop Rock Lehiaketak sari gehiago emango dirutan Metal eta Beste Joerak kategorietan

Actualizado: martes, 3 mayo 2011 15:02

BILBO, 3 May. (EUROPA PRESS) -

Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketaren 23. edizioan izena emateko epea zabalik da eta hala izango da maiatzaren 31ra bitartean. Gainera, aurten sari gehiago banatuko ditu dirutan Metal eta Beste Joerak kategorietan. Lehiaketaren edizio gehienetan sartu dira berrikuntzak, musika-talde hasiberrien lanak bultzatzeko eta zabalkundea emateko.

Jon Sustatxa Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak jakinarazi ditu aurtengo lehiaketan izango diren nobedadeak. Horrela, aurten botoa on-line emango da, eta sari gehiago egongo dira dirutan, lehen bi sari baitzeuden Metal modalitatean, eta orain, berriz, hiru egongo dira. Halaber, Beste Joeren kategorian sari bakarra zegoen eta orain bi egongo dira, eta aurten, gainera, hiru kontzertu eskainiko dira kategoria honetan.

Europako talde guztiek har dezakete parte, baldin eta taldekideen adina 18-35 urtekoa bada. Hala ere, taldearen batez besteko adina ez da 30 urtetik gorakoa izango. Kontratu diskografikoarekin disko bakarra baino ez dezakete eduki eta Bilbao Hiria lehiaketako modalitateetako batean lehenengo saria aurreko urteetan irabazi gabekoak izango dira.

Baldintza horiek betez gero, www.bilbao.net/bilborock web-orriaren bidez eman behar da izena. Inprimakia bete eta hiru kanta aurkeztuko dituzte mp3 formatuan, taldearen argazki batekin eta historialarekin. Talde bakoitzak lehiaketaren modalitate batean emango du izena.

Izena emateko epea bukatu ondoren, taldeak aukeratzeko fasea helduko da, eta musikako profesionalek osatutako epaimahaiak lanak entzun eta 40 talde aukeratuko ditu zuzenean jotzeko. Ondoren,

lehiaketaren beraren fasea izango da, eta aukeratutako taldeek zuzenean joko dute Bilborocken. Sarrera dohainik izango da, eta musikako adituek osatutako epaimahaiak epaimahai gaztearen, kontzertuetara doazen entzuleen eta online emandako botoen laguntza izango du. Azkenik, sailkatuen arteko irabazleak hiru kontzertutan (modalitate bakoitzeko bat) erabakiko dira.

Zenbait sari mota daude: dirutan, jendaurrean jotzea eta instrumentuekin lotutako bestelako sariak, guztiak ere musikaren arlokoak. Sari nagusienak dirutan dira, lehiaketaren modalitate bakoitzeko irabazleen artean banatzekoa. Pop Rockan, lehen saria 5.000 euro; bigarrena, 2.500 euro; hirugarrena, 1.000 euro; Metal arloan, lehenengo saria 5.000 euro; bigarrena 2.500 euro; hirugarrena, 1.000 euro; Beste Joeren kategorian, lehenengo saria 2.700 euro; bigarrena, 1.000 euro.

Sari horiek ez ezik, talde irabazleak sustatzeko bestelako sariak ere badaude, emanaldiak zuzenean eskaintzeko aukera emanda: "Bilbao Hiria" Saria Bilboko talderik onenarentzat (kontzertua Bilborock aretoan); "Urrutirock" Saria, nazioarteko emanaldia Bilboko talde batentzat; "Aste Nagusia" Sariak Bilboko rock talderik onenarentzat eta Bizkaiko talderik onenarentzat (emanaldia 2012ko Aste Nagusian bertoko rockari eskainitako eszenatokian).