BILBO 21 Feb. (EUROPA PRESS) -
Bilbao Kirolak erakundeak 363.500 euro inguru inbertituko ditu hiriko hamar udal futbol zelaiak hobetzeko. Zelaiotan 264 kirol taldek (eskola kirolak edota kirol federatua) eta 5.050 kirolarik jokatzen dute guztira, eta askotariko lanak egingo dira hobetzeko, adibidez, itxierak, instalazioak, belar artifiziala, ureztatzeko sistemak, segurtasuna eta lorezaintza.
Instalazioetan hainbat jarduera orokor garatuko dira, adibidez, argiztapena hobetu. Bestetik, berariazko jarduerak ere garatuko dira, futbol zelai bakoitzak dituen premietara egokituko direnak, hau da, harmailetan lanak, inguruko itxierak edota aldagelak handitzea. Horrez gain, garbiketa talde bat antolatuko da futbol zelai guztiak kirola egiteko egoera onean daudela bermatzeko.
Hobekuntzen %75 baino gehiagok Bilbao Kirolak osatzen duten kirol taldeek egindako eskaerei erantzuten diete. Izan ere, instalazioetako erabiltzaileek ezin hobe ezagutzen baitituzten kirol azpiegitura bakoitzak dituen beharrak. Bilbao Kirolak erakundeko teknikariek eskari horiek guztiak jaso eta aztertu dituzte.
Zehazki, Errekaldeko futbol zelaian egingo dira inbertsiorik handienak (222.500 euro), 2003an jarritako belar artifiziala aldatu behar delako. Mallonako futbol zelaian (29.089 euro), bilbotarrek gehien erabiltzen duten zelaian, argiztapena hobetuko da, taldeek eskatu bezala; horrez gain, bi zelaiak bananduko dituen olana bat ipiniko da, ureztatze sarea hobetuko da eta kontagailu berri bat jarriko da. Futbol zelai horretan 59 talde eta 900 lagun aritzen dira.
Gainera, lanak egingo dira Ibarsusi (20.176 euro), Artxanda (9.090 euro), Etxezuri (6.985 euro), Iparralde (21.234 euro), Zorrotza (15.410 euro), San Inazio (12.866 euro), La Roseta (16.066 euro) eta Aitxarteko (9.974 euro) futbol zelaietan.
1999 eta 2011 bitartean, Bilboko Udalak 18 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu udal futbol zelaietako kirol azpiegiturak hobetzeko, "argi erakutsiz Bilbok oinarrizko kirolaren alde duen apustua".