Bilbao Mendi Film Festivalek lau film daramatza Mexikora datorren astean

Actualizado: viernes, 26 febrero 2016 13:57

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Bilbao Mendi Film Festival "nazioarteko erreferente bat" da jada mendiko zinemagintzan, eta, hala, martxoaren 1ean eta 3an "koska bat gehiago igoko du bide horretan", eta euskal ekoizpena eta zuzendaritza duten lau pelikula eskainiko ditu Mexikoko 24 hiritan, "jaialdiko ale onenetakoak biltzen dituen erakusketa bat zabalduz eta Euskadi sustatuz bidenabar".

   Zehazki, hauek dira hautatutako lau filmak: Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza protagonista dituen WOP Fundazioak ekoitzitako "2 T On Paiju Peak"; Alex Txikon protagonista duen Lara Izagirreren "Next Stop Greenland"; Pou anaiak protagonista dituen "Indian Summer Festival"; eta Jon Herranz getxoztarrak zuzendutako "Novato" Namuss Films ekoiztetxearen lana. Martxoaren 1ean eta 3an proiektatuko dira lanok, Mexikoko 24 hiritako Cinepolis zinem aretoetan, tartean Mexiko Hiria, Puebla, Oaxaca, Queretaro eta Tijuanan.

   Jabier Baraiazarra jaialdiaren zuzendariak adierazi duenez, "nazioartean Bilbao Mendi Film Festivalak duen garrantzia sendotzeko aukera handi bat da Mexikokoa, mendia eta abentura zinemagintzan egiten ari garena Ameriketan sustatzeko balioko duena". Mexikoko esperientzia beste herrialde batzuetara begirako bide hasiera izatea nahi du zinemaldiak, leku berrietara iristeko asmoz.

   Lau pelikula hauek ikusteaz gain, Mendi Film Festivalen egiten diren ekintza guztien berri jasoko du publiko mexikarrak. "Mendia eta abentura zinemagintzako zaleentzat ezinbesteko jomuga bihurtu da BMFF, eta egun jakin horietan Bilbon aurkituko duten giroaren berri izango dute", azaldu du.

   Bilbao Mendi Film Festivalek antolatu ditu proiekzioak, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Jaialdiaren bederatzigarren edizioa abenduaren 9tik 18ra egingo da.