Bilbao Mendi Film Festivalen 10. edizioan filmak aurkezteko epea zabalik dago

Hamargarren ediziora lanak aurkezteko epea zabalik
BILBAO MENDI FILM FESTIVAL
Actualizado: lunes, 20 marzo 2017 13:05

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren hamargarren edizioan filmak aurkezteko epea zabalik dago jada, eta horrela, irailaren 30era arte inskribatu daitezke lanak, abenduaren 8tik 17ra egingo den jaialdian parte hartu ahal izateko.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, 2015ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoitzitako lanek baino ezin izango dute parte hartu edizio honetan, eta mendiarekin lotuta dauden gaiak jorratu beharko dituzte: alpinismoa, eskalada, abentura eta mendi kirolak, eskia, muturreko kirolak, ekologia, ingurumena, etnografia eta abar. Ekoiztetxe, zuzendari eta egileek aintzat hartu beharreko arauak www.mendifilmfestival.com atarian daude, "Araudia-izen ematea" atalean.

Antolatzaileek nabarmendu dute edizioz edizio gora egin duela izen emateak, kopuruan zein jatorrian. Iaz, 150 lan aurkeztu ziren, 25 herrialde ordezkatuz, eta haietatik 42 hautatu ziren Sail Ofizialerako, tartean mundu mailako hiru eta Europa mailako hamar estreinaldi eskainiz.

Halaber, hamargarren edizioa prestatzen ari den bitartean, Mendi Tour ekimena batean eta bestean eskaintzen ari da 2016ko jaialdiaren filmarik onenak. Euskal Herrian, Valentzian eta Pirinioetan 12 Mendi Tour saio antolatu dira neguan, eta 3.500 ikusletik gora bildu dituzte. "Gasteiz eta Tolosa hitzordu klasikoak dira jada, horretarako bide egiten ari dira Igorre, Eibar, Zangoza, Canet d'en Berenguer edota Luz Saint Sauveur, eta aurten hasi dira beste batzuk, Vielha kasu", azaldu dute.

Mendi Tour saioen hurrengo geltokiak hauek dira: Camargo (martxoak 23), Antzuola (martxoak 30) eta Mexiko (martxoak 28 eta 30), non Freeman agentziaren bidez lankidetza moduan hainbat pelikula eskainiko diren irailean Mexikoko hainbat hiritan egingo den Mendi Tourraren aurrekari gisan.

Bestalde, 10. Bilbao Mendi Film Festivalerako kartela CVCEPHOTO nazioarteko mendi jardueren argazkilaritza lehiaketara aurkezten diren lanen artetik hautatuko da. Club Vasco de Camping Elkarteak sustatzen duen lehiaketak hirugarren edizioan "Bilbao Mendi Film Festival Kartela Saria" sortu du. 600 euro jasoko ditu obra irabazleak eta jaialdiaren kartel ofizialeko irudia izango da. Lanak aurkezteko epea martxoaren 31ean amaituko da.