Bilbao Orkestra Sinfonikoak musika jarriko dio Murnauren "Nosferatu" filmari Arriagan

"Nosferatu" filmaren eszena ezagunenetako bat
ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: martes, 28 marzo 2017 18:10

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Bilboko Arriaga antzokiak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) denboraldiko "ikuskizun berezienetakoa" eskainiko dute asteazkenean, martxoaren 29an, orkestra bilbotarrak zuzeneko musika jarriko baitio W.F. Murnau zinemagile alemanaren "Nosferatu" film ospetsuari. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta zuzendaria Nacho de Paz izango da.

Modu honetan, ikuskizunaren arduradunek ziurtatu dutenez, "filma inoiz baino ilunago eta beldurgarriago entzun ahal izango da", eta orkestra bilbotarrak Jose M. Sanchez Verduk 2003an idatzi zuen musika interpretatuko du.

Sanchez Verduk orkestrarako eta emakumeen ahotsetarako musika lan bikaina bilakatu zuen "Nosferatu" filma, pelikularen errepikapenak, egoera psikologikoak, erritmoa eta sekuentzia aldaketak indartzen eta zabaltzen dituen partiturarekin. BOSek eskainiko duen "interpretazioak emozioa eta intentsitatea ekarriko ditu". Horrez gain, ikuskizunak Musikene Ahotsak taldearen partaidetza berezia izango du. Emakumeen ahotsak interpretatuko ditu Musikeneko ikasle diren sei neskek osatzen duten taldeak.

"Nosferatu" zinearen maisulana da eta okultismoaren jarraitzaileen beren beregiko borondatearen emaitza izan zen. Okultismoaren sinboloak filmaren ia sekuentzia guztietan agertzen dira. Lanak deuseztatze prozesua jasan zuen, lanaren negatiboak eta kopia guztiak erabat erretzera behartzen zuen epaileen agindu baten ondorioz, baina, zorionez, agindu horrek ez zuen bere helburua lortu.

Ikuskizunerako sarrerak 7,50 eta 24 euro artean erosi daitezke www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefonoan edota antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.