Bilbao Web Fest Internet bidez zabaldutako serieen jaialdia, urriaren 26tik 29ra

Koldo Serra epaimahaiko kideetako bat izango da
BILBAO WEB FEST
Actualizado: miércoles, 28 septiembre 2016 13:44

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Bilbo websail edo Internet bidez zabaldutako serieen ikus-entzunezko industriaren arretagunea izango da berriz ere, urriaren 26tik 29ra bitartean antolatu eta 25 herrialdetako ehun serie baino gehiago lehian bilduko dituen Bilbao Web Fest jaialdiaren bigarren edizioarekin, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Bilbao Web Fest jaialdiak bigarren edizioan lehiatzeko aukeratu dituen 120 serieak lau sailetan banatuta eskainiko dira: Sail Ofizialean gaur egungo nazioarteko 30 websailenik onenak erakutsiko dira, horietako batzuek milioi bat eurotik gorako aurrekontua dutelarik; Amets Sailean autorea duten eduki independenteak eta ekoizpena nagusi dituzten 50 serie lehiatuko dira; Trailerren Sailean serie digitalen aurrerapenik onenak sarituko dira; Euskal Screenings delakoak euskal websaila onenek aukeraketa bat eskainiko du.

Edizio honetako epaimahaiko kideak, Koldo Serra zinema eta telebista zuzendaria, Leyre Berrocal antzezlea eta munduko webserieen jaialdi nagusien zuzendariak diren Meredith Burkholder ekoizle eta Webfest Berlin-en sortzailea, Young Man Kang zinemagile eta Koreako K Webfest-en sortzailea eta Riccardo Cannella zinemagile eta Sicily Webfest-en sortzaile eta zuzendaria izango dira.

Gainera, lehiaketako programari atxikita, hainbat hitzaldi eta solasaldi antolatu dira aurten, Javier Fesser zinemagilea, Usun Yoon aktorea eta Patxi Urkijo idazle, zinemagile eta zinema irakaslea protagonista direla.

Jaialdia Bizkaia Aretoan inauguratuko da urriaren 26an, eta lehiaketako websailen proiekzioak ere bertan egingo dira egunero eta doakoak izango dira. Halaber, jaialdiaren agertoki izango dira Bilborock eta Azkuna Zentroa, eta amaierako ekitaldia eta sari banaketa Guggenheim museoan egingo da urriaren 29an, 19:00etatik aurrera, gonbidatutakoak alfonbra gorrira iritsi ahala.

Generoaren zaleek lehiaketaren barruan programatuta dauden hainbat webserietako protagonistak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute Bilbon. Horien artean izango dira "Ley y orden", "Elementary" eta "Person of interest" gisako serieetan parte hartu duen Caris Vujcec antzezlea, "The pepper proyect" aurkeztuko duena, edota Xin Wang, "Ex-model" serieko ekoizle eta protagonistetako bat, "Drunken Dragon" proiektua ekarriko duena.

Halaber, Diego Pérez ("Vaya semanita"), "Beta" serieko protagonistetako bat; Suitzako telebistan "Ma femme est pasteure" websailarekin ospetsu egiten ari den Víctor Costa antzezle eta zuzendari valentziarra; TVEko "Centro médico" saileko hainbat ataletan parte hartu duen Maria Albiñana antzezlea; Koala rabioso youtuberra; edota "Breaking bad" eta "Mad men" serie arrakastatsuak ekoitzi dituen AMC telebista kanalaren filial espainiarreko zuzendari Manu Balsera ere jaialdian izango dira.

BILBAO WEB MARKET

Bestalde, Bilbao Web Fest jaialdiak mundu osoko puntako serie digitalen proiekzioa (horietako batzuk sortzaileek edo protagonistek aurkeztuta) eta egileak mundu osoko banatzaileekin harremanetan jarriko duen "networking" esparru bat ere eskainiko du: Bilbao Web Market. Ikus-entzunezko industriaren topagune hau urriaren 27an eta 28an izango da Azkuna Zentroan.

Halaber, jaialdiaren barruan hitzaldiak, mahai inguruak, festak eta kontzertuak moduko doako jarduerak antolatuko dira. Aurten, ekitaldi horiek guztiak gauzatzera etorriko direnen artean, Javier Fesser zine zuzendaria, Angie Whitney lidergo arloko aditu estatubatuarra, Bryan Thompson zinemagile eta Miami Web Fest jaialdiaren zuzendaria, Usun Yoon antzezle eta aurkezlea, Jean Michel Albert Studio + etxeko ekoizle eta Marseille Web Fest deritzon Europa mailako lehenengo webseria jaialdiaren zuzendaria eta Patxi Urkijo irakasle, idazle eta zinemagilea daude.

Websailena berritasun bila dabilen publikoaren artean gero eta jarraitzaile gehiago duen formatua da. Sortu berriak diren arren, atxikimendu handia lortu dute berehala serieen zaleen eta ekoizleen artean, azken hauek talentu berriak eta sorkuntza formula berriak aurkitzeko gune berria aurkitu baitute horietan.

Hori dela eta, ekimen honi esker, Bilbo sorkuntza arloko puntako zirkuitu horretan sartu da. Hartara, iaz egindako lehenengo edizioan, Bilbao Web Fest jaialdiak Madril, Sevilla eta Carballoko (Galizia) jaialdiek baino proiektu eta herrialde parte hartzaile gehiago lortu zituen, "genero honen inguruan zabaldu den nazioarteko interesaren seinale".