Bilbo-Bizkaia turismogune gisa aurkeztuko da asteazkenean Amsterdamen

Amsterdamera doa asteazkenean Bizkaiko Aldundia
AIR EUROPA/EUROPA PRESS
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 21 mayo 2013 15:59

BILBO 21 May. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak lan-jardunaldi bat antolatu du Amsterdamen asteazken honetan, maiatzaren 22an, Bilbo eta Bizkaia turismogune moduan aurkeztu eta inbertsioak erakartzen saiatzeko. Ekonomia Sustatzeko diputatu Imanol Pradales izango da ordezkaritzaren buru, eta berarekin batera bost enpresa turistiko igorlek ere parte hartuko dute.

Horrela, egunean zehar, Herbehereetako bidaia-antolatzaileekin zein enpresa handietako ordezkariekin eta hiriko agintariekin eta gizarte zibileko kide garrantzitsuenekin bilduko dira, Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak Gobernu Bileraren ondoren emandako prentsaurrekoan azaldu duenez.

Jardunaldia zati bitan banatu dute: lehenengo zatia turismo arloko profesionalentzat izango da, eta tailer formatua erabiliko da Amsterdamera joandakoek beren produktuak aurkeztu eta harremanak sortzeko hango enpresa igortzaileekin; bigarren zatia ez da hain formala izango, eta parte hartzen dutenek aukera izango dute Bilbok eta Bizkaiak turismoaren, enpresen eta negozioen arloetan zer eskaintzen duten ezagutzeko.

Horrela, bada, foru erakundeko arduradunaren arabera, aukera izango da harremanak izateko Holandako bidaia-antolatzaileekin, Amsterdameko ordezkari publikoekin, inbertsioen arloko nahiz ondasun eta zerbitzuen inportazio sektoreko ordezkariekin, eta hiriko gizarte zibileko kideekin.

Bizkaiko enpresa turistikoek beren produktuak Herbehereetako bidaia-antolatzaile garrantzitsuenetakoa den Thomas Cook Taldeari aurkezteko parada izan zutenetik hilabetera egingo da lan-jardunaldia. Oraingoan, baina, beste talde batzuei ere zabalduko zaie aurkezpena, eta publiko zabal eta heterogeneoago bati zuzendutako mezu komertziala zabalduko da, ez bakarrik turismoaren sektoreari zuzendutakoa.

Contenido patrocinado