Bilbo eta Bizkaiko turismo eskaintza Berlingo ITB azokan izango da bigarren urtez jarraian

Berlinen izango den standa
Foto: BIZKAIMEDIA
Actualizado: martes, 3 marzo 2015 13:06
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Bilboko eta Bizkaiko turismo eskaintza bigarren urtez jarraian izango da Berlingo ITB azokan, asteazkenetik igandera bitartean. Sustapen ekintza honen bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Europako eta munduko merkatuan duten lekua indartu nahi dute, nazioarteko turismoaren hazkundea sendotu dadin Bizkaia. Gainera, hiriburua eta lurraldea Eusko Jaurlaritzarekin koordinaturik parte hartuko dute azokan, "Euskadi-Basque Country" irudia ere sustatu ahal izateko.

   Modu honetan, Berlinen batuko dira jomuga, bidaia agentzia handizkari, erreserba sistema, aire konpainia, hotel eta era guztietako hornitzaile nagusiak, bisitariei oporretako eskaintza zehatza egiteko eta azokan enpresa sektore profesionala sustatzeko, Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez.

   Beraz, Berlingo ITB azoka "aukera bikaina" da turista partikularrak eta sektoreko enpresak erakartzeko eta gero eta atzerritar gehiago hartzeko helbururantz aurrera egiteko. Hain zuzen ere, atzerriko merkatu igorleek eutsi diote turismoaren hazkundeari Bilbon eta Bizkaian azken hamar urteetan. Lurraldean izan diren bisitari atzerritarren sarrerek %117,5 egin dute gora aldi horretan, eta emandako gauen kopuruak, berriz, %97,4.

   Alemaniako merkatuaren kasuan, Erdialdeko Europako herrialdetik datozen turistak Bizkaiak hartzen dituen bisitari atzerritar guztien %10,36 dira, eta Bilbo eta Bizkaia helmuga duen nazioarteko bigarren merkatu igorlea osatzen dute.

   Bilbok eta Bizkaiak "oso stand indartsua" izango dute, "bere eskultura formarekin eta izaera nabarmenarekin". Erakargarri turistiko nagusiak sormen obra handi gisa aurkeztuko dira bertan, arte galeria baten barruan, haietako batzuk pantaila dinamikoen bitartez eta beste batzuk oihal handien gisara.

ITB AZOKA

   Berlingo ITB azoka erreferentziazko hitzordu gisa sendotu da nazioarteko turismoaren esparruan. Azken edizioan, 189 herrialdetako 10.147 erakuslek euren produktu eta zerbitzuak jarri zituzten jendaurrean, 170.000 bisitariren aurrean, hain zuzen. Horietariko gehienak (114.000) sektoreko profesionalak ziren.

   Kopuru horiek %4ko gehikuntza ekarri zuten bisitari profesionalei eta merkataritza eragiketei zegokienez; azken horiek, Messe Berlin elkartearen arabera, 6,5 bat milioi eurokoak izan ziren.

   Gainera, ia 60.000 bisitari ez profesional informazio eskaintza zabalaz baliatu ziren euren oporrak antolatzeko, zeren eta, azokara hurbildu ziren pertsonei egindako inkesta independente batek frogatzen duenez, pertsona horien ia erdiek asmo sendoa baitzuten euren erreserbak azoka horretan egiteko.

   Izan ere, Berlingo ITB azokaren antolatzaileek emandako zifrei erreparatuta, enpresa erakusleen ia heren batek turismo produktuak saldu zizkion azken kontsumitzaileei, eta bisitariek iaz batez beste 2.000 euro gastatu zituzten bidaia bakoitzeko.