Bilbo eta Milano esperientziak trukatzen hasi dira sormenaren esparruan

Azkuna 'Fabbrica del Vapore" zentroan
BILBOKO UDALA
Actualizado: jueves, 17 marzo 2011 19:19

BILBO, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilbok eta Milanok lehenengo pausoak eman dituzte artearekin eta sormenarekin lotutako esperientziak partekatzeko, bi hirietako alkateek elkarren arteko lankidetza errazteko -ekonomia, zientzia eta teknologia eta ezagutzaren esparruetan- atzo sinatu zuten akordio instituzionalaren haritik.

Ildo honetan, Bilboko alkate Iñaki Azkunak Milango 'Fabbrica del Vapore' delakoa bisitatu du gaur, erakunde horrekiko lehen harremanak ezartzeko asmoz. 'Fabbrica del Vapore' Italian dagoen arte-sorkuntzarako zentrorik garrantzitsu eta bereizgarrienetakoa da, BilbaoArteren oso antzekoa helburuei nahiz funtzionamenduari dagokienez.

Milango 'Fabbrica del Vapore' XX. mende hasierako lantegi-multzoa da. Bertan kokatu zen tranbien eta tren bidezko garraiorako beste elementu batzuen fabrikazioan espezializatu zen 'Carminati e Toselli' konpainia.

Hamarkada batzuk hutsik eta abandonatuta egon ostean, Milango Udalak lantegi-multzo zaharra errotik eraberritu eta berregokitzea erabaki zuen. Ekimen horren ondorioz sortu da kultura, artea eta esperimentazioa ardatz dituen gaur egungo zentroa.

Bertan, musika, antzerkia, arkitektura, argazkigintza, dantza, diseinua, ikus-entzunezko arteak eta bestelako diziplinei zuzendutako laborategi iraunkorrak finkatu dira, bai eta dokumentazio-zentro bat, era askotako jardueretarako eremuak (erakusketak, hitzaldiak) eta artista gazteentzako egoitza bat ere.