Bilbo eta Santanderreko artistek elkarrekin sorturiko ikus-entzunezko proiektua estreinatuko du ostiralean Bilbao Artek

BILBAO ARTE
Actualizado: miércoles, 3 febrero 2016 14:07

BILBO, 3  (EUROPA PRESS)

   Bilboko Nouvelle Basque artisten taldeak eta Santanderreko Burbuja Films ikus-entzunezkoen ekoiztetxeak sortutako eta ekoitzitako "Frontera Imaginaria" ikus-entzunezko proiektua estreinatuko du Bilbao Arte galeriak ostiralean, otsailaren 5ean, arratsaldeko 19:00etan. Ikus-entzunezko bost pieza proiektatuko dira, bi hirien artean dagoen "distantzia emozionala eta fisikoa murrizteko eta arintzeko asmoarekin".

   Hamar minutuko iraupena dauka pieza bakoitzak eta bi talde artistikoen arteko lanetik sortu dira. 2015eko abuztuan hasitako bideo korrespondentzian oinarritzen da lana, eta proiekzio honetan ikusiko da.

Proiektuaren helburua da aurreiritziak ezagutzaren bitartez gainditzea eta, horrela, bi hirietako herritarren artean lotura egonkorrak eraikitzea.

   Hauek dira proiekzioa osatzen duten ikus-entzunezko lan txikiak: "Itinere", Paula Bañuelos (Nouvelle Basque) & E.A Nielsen; "Sin aliento", Laura Hojas (Burbuja Films); "Solitude", Beatriz Nieto (Nouvelle Basque); "Senmtinel", Álvaro de la Hoz (Burbuja Films); eta "Karmen", Zuriñe Goikoetxea (Nouvelle Basque).

"BERTATIK BERTARA"

   "Frontera Imaginaria" da Bilboko eta Santanderreko udalek abiarazitako "Bertatik Bertara" laguntzen programak aukeratu dituen lau ekimenetako bat. Programaren bidez bi hirietako eragile kulturalen baterako lanei laguntza ematen zaie.

   Hauek dira diruz lagundutako beste hiru proiektuak: jugARK, Santanderreko Ephimera Play taldea eta Bilboko Ph+ Urbanismo Ciudadano kooperatibarena; Paso A Nivel, Santanderreko Eureka elkarte kultural eta Bilboko RMOrena; eta VIDEOSTEAL: I Encuentro de videocreadores, Orlando Britto (Santander) eta Txuspo Poyo (Bilbao) egileena.

   "Bertatik Bertara" 20112ko maiatzean sortu zen, Santanderreko Udalak eta Bilboko Udalak erakundeen arteko lankidetzarako akordio bat sinatu zutenean kultura, sustapen turistikoa eta enpresarialaren arloetan. Akordioaren helburua da profesionalak, enpresak eta bestelako erakundeak proiektu kulturaletan eta sormenezko proiektuetan elkarrekin lan egitera animatzea, bi hirietan eta urte osoan.

   Ordutik jardueren hiru aste egin dira, bi Santanderren, 2013an eta 2015ean, eta bat Bilbon, 2014an. Aste horietan ehundik gora ekitaldi egin dira, esaterako, topaketa profesionalak, kontzertuak, antzerki zikloak eta erakusketak.