Bilbo, inbertitzeko Europako tamaina ertaineko laugarren hiririk onena

Actualizado: lunes, 15 febrero 2016 17:01

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   'Financial Times' egunkari ekonomiko britainiar ospetsuak Bilboren gaitasuna onartu du atzerriko zuzeneko inbertsioak egiteko leku erakargarri gisa, eta, "Etorkizuneko Hiri eta Eskualde Europarrak 2016/2017" izeneko txostenak inbertsioak egiteko Europako laugarren hiririk onena dela esan du, "Mid-Sized Cities" edo 200.000 eta 750.000 pertsona arteko biztanleria duten metropoli guneen mailan.

   Bilboko udalak jakinarazi duenez, 'fDi Intelligence' erreferentziazko argitalpenak atzerriko zuzeneko inbertsioaren alorrean egindako sailkapenak hirien indar ekonomikoa, enpresa sarearen lehia eta finantza dinamismoa hartzen ditu kontuan. Saria 'fDi Strategy' kategoriakoa da, bost maila desberdinetan sailkatuta dagoena, biztanle kopuruaren arabera: "Major", 750.000 eta 4.000.000 artean; "Large", 500.000 eta 2.000.000 artean; "Mid-Sized", 200.000 eta 750.000 artean; "Small", 100.000 eta 350.000 artean; eta, azkenik, "Micro", 100.000 pertsona baino gutxiago.

   Hiriburu bizkaitarrak, 2014-2015 txostenari dagokionez, sailkapena hobetu du "Mid-Sized" mailan, aurrekoan zazpigarren tokian baitzegoen. "Zalantzarik gabe, aurrerapen garrantzitsua da, bereziki mundu globalizatu eta hiperlehiakor batean bizi garen heinean; izan ere, inbertsioak eta negozioak eskuratzeko hiriei esfortzuak bikoiztera behartzen ditu. Gainera, 2014-2015eko edizioan, Bilbo Europako hegoaldeko laugarren onena izan zen maila horretan. Alabaina, kasu honetan gune geografikoari dagokion atala ezabatu da, kontinentea eskualde bakartzat hartu baita", nabarmendu du Bilboko Udalak.

   "Etorkizuneko Hiri eta Eskualde Europarrak 2016/2017" bi urtean behin egiten den txostena da, negozio eta ekonomiari buruzko atzerriko informazioa ematen liderra den 'Financial Times' egunkariak sustatzen duena. Egunkari horrek batez besteko 2.200.000 irakurle eta 4.500.000 harpidetza digital ditu egunero.

   Ikerketa egiteko arduraduna den 'fDi Intelligence' aldizkaria profesionalei eta korporazio karguei zuzenduta dago, atzerriko zuzeneko inbertsioaren alorrean esperientzia eta eragin gaitasunak dutenak, hain zuzen ere. Aintzatespena jasotzea "kalitate zigilua" da jasotzen duten hirientzat, erreferentzia hori kapitalak eta negozioak eskuratzera bideratutako jarduketa guztietan erabili ahal dute eta.

CANNES

   Horrela, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia Cannesera (Frantzia) joango da martxoaren 15ean saria jasotzera.

   Bilbok hurrengo ezaugarriak ditu bere alde: munduko negozio zentro nagusiekin konexio ona, barne higikortasun modernoa eta iraunkorra, Zorrotzaurre eta Zorrotzako Muturra bezalako aukera espazio berriak, erakundeek adimendun ekonomiaren alde egindako hautua, gaitasun handiko profesionalak eta inbertsiorako giro fidagarria eta segurua.

   Bilborekin batera, ondoko hiri hauek daude Europako hegoaldeko tamaina ertaineko sailkapenean: Wroclaw (Polonia), Edinburgo (Eskozia), Liverpool (Ingalaterra), Bilbo, Zurich (Suitza), Nottingham (Ingalaterra), Cardiff (Gales), Malaga (Espainia), Ostrava (Txekiar Errepublika) eta Brno (Txekiar Errepublika).