Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala hobeto ezagutzeko lehiaketa bat antolatu dute

BILBO, 1 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak, Aldauri Fundazioak eta Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Merkatarien eta Enpresen Elkarteak inguru hori hobeto ezagutzeko "Auzoa ezagutzen duzu?" lehiaketa parte hartzailea jarri dute abian. Ekimenaren bidez, auzokoen eta bisitarien parte hartzea sustatu nahi da, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako inguruak eta txokoak behatuz eta ondare arkitektonikoan dauden xehetasun formalak baloratuz.

Horretarako, antolatzaileek, hilero, sare sozialen bidez eta saltokietan jarriko diren kartelen bidez, zonalde horretako txoko edo elementuren baten argazkia argitaratuko dute, partaideek zein leku den eta non dagoen asma dezaten, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Horrela, "Auzoa ezagutzen duzu?" lehiaketan parte hartzeko bide bi daude: posta elektronikoaren bidez (conocerelbarrio@gmail.com) etapapertxoen bidez (papertxoak bete ondoren, San Frantziskoko eta Zabalako udaltegietan, Udal Bulegoan eta Aldauri Fundazioan propio jarriko diren kutxatxoetan utzi beharko dira).

Parte hartzaileek, erantzunarekin batera, izen abizenak, NAN, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa (baldin balute, paperean erantzunez gero) adierazi beharko dute. Parte hartzen duen pertsona bakoitzeko erantzun bakarra onartuko dute antolatzaileek. Norbaitek baldintza hori betetzen ez badu, posta elektronikoaren bidez heldu direnen kasuan, lehen erantzuna hartuko da kontuan, eta paperean aurkeztu badira, edozein.

"Auzoa ezagutzen duzu?" lehiaketa 2015eko martxora bitartean egingo da, hau da, sei zozketa egingo dira. Zozketok San Frantziskoko Udaltegian egingo dira, 20:00etan, urriaren 23, azaroaren 25, abenduaren 23, urtarrilaren 23 eta martxoaren 24an. Hileroko saria ekimenarekin bat egin duten auzoko saltokietan kontsumitzeko 30 euroko bonua izango da.