Bilbo Zaharreko saltokietako graffiti apaingarriei buruzko lehiaketaren deialdia zabalik da

Actualizado: domingo, 3 abril 2011 12:39

BILBO, 3 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Maiatzaren 2a Elkarteak "Behera pertsianak" lehiaketaren hirugarren edizioaren deialdia ireki dute. Lehiaketa berritzaile horren xedea, ekimenean parte hartu nahi duten Bilbo Zaharreko saltokietako pertsianak graffiti artistikoekin apaintzea da.

Bere sustatzaileek adierazi dutenez, proposamen berezi honek hainbat helburu ditu: kaleko artisten lanari duintasuna ematea, haien lana gero eta leku handiagoa ari baita hartzen beste espazio batzuetan; Bilbo Zaharra auzoari bertan burutzen ari den birgaitze prozesuan eragina izango duen irudi modernoa eta deigarria eskaintzea; merkatariei parte hartzeko eta auzoko biztanleei zuzenean ikustea erraza ez den artelan bat egiteko prozesuaz gozatzeko aukera eskaintzea.

Ekimenean parte hartu nahi duten merkatariek euren saltokietako pertsianak lagako dituzte, aukeratuak diren hiru proiektuen euskarri izan daitezen. Euren pertsianak laga nahi dituzten establezimenduak bajamoslapersiana@kalezkale.com helbidearekin harremanetan jar daitezke, apirilaren 15a baino lehen.

Beste alde batetik, bertako biztanleek graffitigileen lanaren eboluzioa zuzenean ikusi ahal izango dute maiatzaren amaieratik aurrera, eta ekainaren 4an, irabazle izan diren hiru sorkuntza lanak bisitatu ahal izango dira.

Lehiakean parte hartu nahi duten artistek, Kalez Kale programaren blogean (http://www.kalezkale.com) aurkituko duten formularioa euren datuekin bete eta euren ibilbidearen historial laburra erantsi beharko dute. Halaber, egin nahi duten horma-irudi graffitiaren zirriborroa ere aurkeztu beharko dute. Izena emateko azken eguna maiatzaren 8a izango da.

Maiatzaren 23a baino lehen, Maitzaren 2a Elkarteko eta Surbisa Hirigintza Birgaitzerako Udal Sozietateko ordezkariek osatutako epaimahaiak aukeratu diren hiru proposamenak ezagutaraziko dituzte. Artistek aurkeztutako zirriborroen ildo nagusien arabera egin beharko dituzte graffitiak, ekainaren 4a baino lehen. Horrela, artelanak goiz horretan aurkeztu ahal izango zaizkie Bilboko ikusle guztiei.

Iazko edizioan honako artista hauen proiektuak aukeratu ziren: Alain Astola Garcia, Confecciones El Paraíso (San Frantzisko, 44) saltokirako egin zuen proposamenarengatik; Imanol Aizpuru, Alpargatas Zapatillas Layana (San Frantzisko, 8) saltokirako egindako diseinuarengatik eta Juan Pablo Orduñez Taller del Sohorako (Maiatzaren 2a, 4) egin zuen proposamenarengatik. Lan horiek guztiak saltoki horietako pertsianatan ikus daitezke gaur egun.