Bilbok azken 50 urteetan izan duen eraldaketari buruzko argazki erakusketa bat irekiko dute astelehenean

Campo Volantin 1967an (goian) eta 2011n
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 28 enero 2011 13:27

BILBO, 28 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilbok eta bere auzoek azken 50 urteetan izan duten eraldaketa sakona da Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren "Expodistrito" programaren barruko argazki erakusketa berriaren ardatza. Barrutietako Udaltegietako aldi baterako erakusketa zikloak astelehenean inauguratuko du Begoñako Udaltegian hiriak azken mende erdian izan duen bilakaera airetik ikusita erakusten duen argazkien bilduma.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "Bilbao, 50 urteko hiri eraldaketa. Auzoetako atzoko eta gaurko irudiak" izenburupean, formatu handiko aireko 20 argazkik (100 x 70 cm) osatzen dute bilduma. Argazkiek hiriko zenbait leku erakusten dituzte, orain 50 urte eta gaur egun. Hiriak epe horretan bizi izan duen eraldaketa sakona arlo fisikoan eta hirigintzan islatzen da, eta haren atzean gertatu den aldaketa ekonomiko, sozial eta gizatiar handiari buruzko gogoeta egitera eramaten du ikuslea.

Argazkiak gune hauetakoak dira: Indautxu (1965), San Inazio-Ibarrekolanda (1959), Begoña (1959), Campo Volantin (1967), Santutxu (1971), Otxarkoaga (1965), Deustuko Zubia (1959), Abandoibarra (1968), Errekalde (1968) eta Basurtu (1969). 2011aren hasieran berriro ere auzo horien argazkiak atera dira, atzera begirako hau burutu ahal izateko.

Erakusketa otsailaren 11ra arte egongo da Begoñako Udaltegian, eta ondoren San Inazio - Ibarrekolandako (otsailaren 14tik 28ra), San Frantziskoko (martxoaren 1etik 15era), eta Otxarkoagako (martxoaren 16tik 31ra) udaltegietan bisitatu ahal izango da. Bilboko Udalak sustatutako argazki erakusketak FOAT-en eta Estudios Dureroren laguntza du.

"Expodistrito" Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, udalaren webgunean (www.bilbao.net) eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.