Bilbok bere hiri eraldaketaren eredua azaldu du New Delhin

Ibone Bengoetxea, New Delhin
Foto: BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 10 marzo 2015 14:07

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Bilbok bere hiri eraldaketaren eredua azaldu du astearte honetan New Delhin, Indiako hiri garapenean lanean ari diren arkitekto, hirigile eta politiko talde baten aurrean, Shiv Nadar Unibertsitateak eta India International Centre zentroak antolatu duten "Urban Experiences: Bilbao & Delhi" mintegiaren barruan.

   Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Shiv Nadar Unibertsitateko gai publikoetako eta teoria kritikoko zentroak (Centre for Public Affairs and Critical Theory C-PACT) sustatu duen topaketaren helburua "Bilbo eredua" azaltzea izan da, "une honetan Indian hazten ari diren hirietan jarraitu beharreko eredu izan dadin, batik bat hiriaren gobernamenduaren eta plangintzaren arloetan, kutsaduraren eta ingurumenaren arloetan eta espazio publikoen eta hiri estetikaren arloetan".

   "Urban Experiences: Bilbao & Delhi" mintegia New Delhiko India International Centre zentroan egin da, eta bertan izango da Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko alkateordea, aipaturiko arloetan Bilbok izan duen esperientzia azaltzeko.

   Dipankar Gupta soziologoak gonbidatuta joan da Indiara Bengoetxea. Gupta Indian eraginik handienetakoa duen jakintsua da, gizartearen egiturari eta aldaketa sozialari buruzko ikerketei esker.

   Gupta Shiv Nadar Unibertsitateko C-PACT-eko zuzendaria da eta duela bi urte Bilbo aipatu zuen "Revolution from Above. India's Future and the Citizen Elite" liburuan, Indian zehar finkatzen ari diren milioi bat biztanletik gorako ehun hiri ingurutan jarraitu beharreko eredu modura. Liburua egileak berak aurkeztu zuen 2013ko azaroan, Deustuko Enpresa Zientzietako Fakultatean emandako hitzaldi batean, zenbait urtetan irakasle gonbidatu izan baitzen han.

   Une honetan Gupta ikerketa bat zuzentzen ari da Shiv Nadar Unibertsitatean, Indiak aurre egin behar dien hiru erronka hauei irtenbideak bilatu nahian: ustelkeria, laneko erreformak eta herriaren urbanizazioa.